Koronabirusak itzalpean utzita hainbat eta hainbat kultur ekintza, Bermeok bere ohiko programazioa berreskuratzeko pausoak eman nehi ditu udazkenean zehar. Horretarako, datozen asteetan emanaldi ugari eskainiko dituztela jakinarazi zuten atzo Gizarte eta Kultur Etxean emandako prentsaurrekoan. Antzerkia, tailerrak edota zinema dira osagai nagusiak. Eta menuaren lehen gozagarria Mareak 2020 festibala izango da, urriaren 6tik hasita urriaren 11ra artekoa, non hainbat kultur espresioak izango dute txokoa.

Beleza Malandra Ateneo Kulturalak eta MB 2000 elkarteak antolatuta, seigarren edizioa beteko du Mareak jaialdiak. "Abangoardia eta tradizioa batzen dituzten hainbat arte-diziplinatako ekimenak eskainiko ditu Bermeon", diotenez, "adin eta kultur ezagutza ezberdinetako pertsonak elkartuko dira, munduan zeharreko egitasmo txiki eta ederrez gozatzeko". Eszenatokiak ere anitz izango dira, tartean Frantziskotarren Klaustroa. Urriaren 6an emango zaio hasiera, Nestor Basterretxea aretoan 20:30etatik aurrera izango den B-movie: Lust & Sound Berlin filmarekin. Hurrengo di jarunaldietan, berriz, Deustuko Unibertsitateko doktore eta EHUko Historiaurrea arloko irakasle den J.A. Mujika Alustizak hitzaldia eskainiko du -Nestor Basterretxean, 19:00-, "Giza-ehorzketak Euskal Herrian Historiaurrearen amaieran" lelopean; eta Tashakor-ek kontzertua eskainiko du. "Asia erdialdeko instrumentuak baliatuz beste soinu batzuk lantzen dituen bikotea da Tashakor", eta urriaren 8an izango dira, 20:00etatik aurrera Fran-tziskotarren klaustroan.

Urriaren 9ak Frankestein haurren-tzako antzerkia ekarriko du Bermeora, Kafe Antzokian 18:00etan, Didau Antzerki Faktoriaren eskutik. Ostean, 19:00etan, Frantziskotarren klaustroan, Oficios populares vinculados a prácticas mágicas en el folclore vasco delako hitzaldia izango da, Maria Brambleren eskutik. Asteburua ere oparoa izango da. Izan ere, Urriaren 10ean eta 11an, Frantziskotarren Klaustroan, 11:00etan, Ian Masonek ikuskizun berezia eskainiko du. Bermio, hiru aldiz suzko aztarna. Jite magiko eta sinboliko bat izenburupean. Egun berean ere, 13:30ean ,Gopffanon-ek folk kontzertua eskainiko du eta, arratsalde partean Josef Van Wissen-ek emanaldia eskainiko du. Mareak 2020 jaialdiari agur esateko, urriaren 10ean Tercer Sol laukote valentziarrak eta HermanaMary-k larunbaterako aurreikusi diren azkeneko kontzertua eskainiko dute. Emanaldia Bermeoko Kafe Antzokian izango da, 21:30etatik hasita.

emanaldiak

Bestalde, Udalak hainbat emanaldi antolatu ditu. Antzerkiari dagokionez, bi aukera izango dira urrian: Fadoak entzuten zituen gizona eta Noa, uy, uy, uy. Lehenbizikoa helduei dago zuzendua eta urriaren 9an antzeztuko da Nestor Basterretxea aretoan, arratsaldeko 20:00etan. Bigarrena umeei zuzendutakoa da eta urriaren 30ean eskainiko da. Sarrerak Gizarte eta Kultur Etxean eskuratu ahal izango dira. Umeen tailerrei dagokienez, Bermeoko Udal liburutegiak hainbat tailer antolatu ditu 6 urtetik gorako umeentzat urrian eta azaroan zehar

Azkenik, Bermeoko Udalak Nestor Basterretxea aretoan ematen diren filmen proiekzioak berreskuratuko ditu "urriaren 10etik aurrera". Ordutegiak astero jakinaraziko direla azaldu dute Udaleko bozeramaileek. "Sarreren prezioei dagokienez, umeen filmek 4,20 euroko prezioa izango dute eta nagusienek: 5,20 eurokoa (zapatu eta domeketan) eta 4,50 eurokoa astelehenetan". Kultura zinegotzi den Alazne Zumetaren esanetan, "kulturaren aldeko apustu sendoa egin dugu. Hori bai, segurtasun eta osasun neurriak zorrotz beteko dira. Ikusle eta entzuleei mesedez eskatzen diegu ekitaldietan arduraz jokatzeko eta antolatzaileen gomendioak jarrai-tzeko. Kultura segurua da eta horren aldeko apustua egin dugu".