- "Aurten ez dogu jairik ospatuko!" Hauxe da, oso laburbilduta, atzo Bermeoko Udaleko ordezkaritza duten alderdi politikoek -, Bostale ostalarien elkarteak, Berton merkatarien elkarteak eta herriko jai batzordeko ordezkariek irakurri zuten mezu bateratuaren mezu nagusia. Irailaren 7tik 16ra ospatu behar ziren eta bertan behera geratu diren Andra Mari eta Santa Eufemia jaietan egin daitezkeeen "edozein ekitaldi saihesteko" ozen aldarrikatu zuten aztokoan, "erantzukizunarengatik eta elkartasunarengatik, danon osasunaz eta geure etorkizunaz ari garelako".

"Herritarrei eta herriko establezimenduei arduraz jokatzeko eskatu" diete. Izan ere, denek adostutako adierazpena irakurri eta gogorarazi dute indarrean dauden osasun eta segurtasun neurriak zorrotz bete behar direla, "guztion osasuna eta etorkizuna" baitago jokoan. Hala ere, aldez aurretiko lana ere egin dute. "Udal gobernuko ordezkariek, gainera, aste honetan herriko 30 ostalaritza establezimendurekin baino gehiagorekin bilerak izan dituzte mezu bera helarazteko eta kolaborazioa eskaini eta eskatzeko". Bilerak "oso positiboak" izan direla azpimarratu du Bermeoko alkate Aritz Abaroak eta ostalariek "elkarlanerako erabateko jarrera" adierazi dutela esan du, bide honetan "denak batera goazelako".Abaroak esan du: "denok bide bera hartu behar dugu asko baitugu jokoan. Seguru naiz lortuko dugula denek helburu bera dugulako".

Badaezpada, irailaren 7tik 16ra bitartean, eta irailaren 19an, Udalak neurri zorrotzak hartuko ditu, beharrezkoa bada egoera kontrolatzeko. "Izan ere, herriko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak, biak elkarlanean, indarrean dauden osasun neurriak behar bezala betetzen direla baieztatuko dute. Hori lortzeko Udalak egunotarako udaltzaingoaren zerbitzuak indartu egingo ditu eta kalean presentzia eta kontrola handituko dute".

Adostutako manifestuak "herritarren lankidetza" eskatzen du, "edozein pilaketa saihesteko, bide publikoetan edo leku itxietan". Bestetik, "gogorarazten dogu boteiloia egitea guztiz debekatuta dagoela, gazte-lonjak itxita egon behar dirala eta ostalaritzako establezimendutarako ezarritako arauak zorrotz bete behar direla". Azkenik," osasun arloko agintariek ezarritako gainontzeko arau guztiak betetzea" erregutu diete bermeotarrei.