Nahiz eta koronabirusaren pandemia dela eta segurtasun neurri bereziak hartu dituzten, Lekeitioko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak gaueko patruila konpartituak egingo dituzte. Izan ere, azken asteotan kexka eragin dute kale-zurrutean aritzen diren gazteek. “Aurreko astean 16 isun jarri ziren kalean botiloi (edo kale-edana) egiteagatik”, Udaletik adierazi dutenez, eta ekintza hauei amaiera eman nahi diete.

“Horretaz gain, adin txikikoek etxebizitza partikularretan alkoholarekin lotutako jaiak ere egin zituzten eta Udaltzaingoak eta Ertzaintzak neurriak hartu behar izan zituzten”, Lekeitioko Udaleko iturriek adierazitakoaren arabera. Horretarako, erakundeak bolondresak bilatu behar izan ditu udaltzaingoen artean. Baita lortu ere.

Neurriak bete

“Azken aldian, beste herri askotan gertatzen den antzera, gaueko orduetan gazteak kalean edateko asmoz ibili dira eta baita ere etxe partikularretan adin txikikoak alkoholarekin lotutako jai txikiak egiten”. Horren aurrean, “segurtasun protokoloa betetzen dela bermatzeko” beharrezkotzat jo dituzte patruilak egitea, gauez. “Kontuan izan behar da segurtasun neurriak jarraitzeak guztion osasun ona bermatzea duela helburu”. Eta horretarako, beharrezkoa da “herritarrek eran-tzukizunez jokatzea eta aurretik aipatutako jarrerak ekiditea”. Hori horrela, Udaletik deia egiten zaie herritar guztiei “neurriak bete eta erantzukizunezko jarrera izateko”.