-Azken urtean 67.000 bisitari baino gehiago jaso zituen Busturian kokatutako Ekoetxea Urdaibai zentroak. Madariaga dorretxeko eraikinean ere kokatzen da Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Patronatoa, eta baita honi atxikitako zerbi-tzuak ere. Bertara joandako pertsonen %21a garraio publikoa erabilita heldu zen. Hori dela eta, gaur eguneko sarbidea baino irisgarriagoa den sarrera berria egingo dute, uda partean. Lanak adjudikatu berri dituzte, 309.000 eurotan. Helburua San Bartolome auzunean dagoen autobus geltokian hasi eta zentroan amaituko den egurrezko palafitoa eraikitzea da.

"Garraio publikoaren erabilera sustatu nahi dugu. Eta San Bartolomeko autobus geralekua zentroaren ondoan daukagu", zehaztu du Urdaibaiko Patronatoko zuzendari Nicolas Garcia-Borreguerok. Horretarako, lanak "uztailean" hastea espero du, lau hilabeteren buruan -lizitazio klausuletan zehaztutako lanen epealdiak 16 astetan egitea proposatzen du- estreinatu ahal izateko. Eduki badu sarbidea Madariaga dorretxeak -autobus, ibilgailu eta motorrentzako espazioekin-, baina "oinezkoentzako sarbide" berria egin beharra zegoen. Irisgarritasunaz gain, proiektuak baditu beste hainbat onura: mugikortasun jasangarrien eragiteaz gain, garraio publikoa susteatzen da. Eta Biosfera Erreserbako natur ondarearen jakintzan ere eragina izango du. Izan ere, inguruan kokatzen da harizti batetik pasako da eraikiko den pasabidea.

"Lanak ahal bezain arinen egitea nahiko genuke, pasabide berria uda partean ireki ahal izateko, uda amaieran baden ere", Garcia-Borregueroren esanetan. Gaur egun 600 metroko ibilbidea egin behar dute Ekoetxea Urdaibaiko bisitariek, San Bartolomeko autobus geralekutik sarrera nagusiraino. Urdaibaiko naturguneen eta biodibertsitaren interpretazio zentro denaren esparruaren ertzetik ibili behar izaten dute bisitariek. "Garraio publikoa erabilita, zuzenean etorri ahal izango dira, seguruago eta erosoago", dioenez. Lanak Bermeosolo enpresari esleituta, 10 metroko luzeerako 24 atal ezberdinez osatutako egurrezko pasabideak %8ko penditza ez du gaindituko. Bestetik, elbarrien erabilpenerako ere izango da irisgarritasunaren mesedetan.