Gernika-Lumo - Bi asteburu pasata mozorroak jantziko dituzte Busturialdeko eta Lea-Artibaiko bizilagunek. Baina hainbat udal, jai ba-tzorde edota erakunde hasiak dira jada aurtengo Aratusteetarako prestaketa lanetan. Gernika-Lumo edota Markina-Xemein dira horietako bi. Eta bietan egingo dituzte taberna zein denden mozorro lehiaketa.

Jakina da egun handia igandekoa izango dela markinarrentzat, datorren otsailaren 23a. Aratuste igandean Artza berriz irtengo da udalerriko kaleetara. eta baita kolore festa ere. Hori dela eta, "herriko dendari eta tabernariak ere Inauterietan jaiaren parte izatera animatu nahi" ditu Markina-Xemeingo Udalak. Hori horrela, "Jai batzordearen ekimenez, taberna eta denden arteko mozorro lehiaketa antolatu da". Kategoria bitan -tabernak eta dendak-, 150 euroko lehen sariak banatuko dituzte, gigarren saridunek 50 euro poltsikoratuz.

"Gaia librea izango da eta baloratuko diren irizpideak, besteak beste, ondorengoak izango dira: dekorazioa, egindako lana, originaltasuna, etab", adierazitakoaren arabera. Baina lehiaketan parte hartzeko, aldez aurretik izena eman beharko dute denda zein taberna markinarrek, otsailaren 17a baino arinago, beti ere. "Tabernak apainduta egon beharko dute, gutxienez, otsailaren 23an, egun osoan. Denden kasuan, erakuslehioa ostegunetik larunbatera eduki beharko dute apainduta".

Giroa berotzeko asmoz, Gernika-Lumon ere proposamen berbera luzatu dute. Hala azaldu dute: "Ostalariek aske utzi beharko dute euren sormena, berriro ere, kutuntasunez eta dedikazioz muntaia ikusgarriak sor-tzeko". Gaia, hala ere, "20. hamarkada zoriontsuena" izango dela zehaztu dute. Gernika-Lumoren kasuan. hala ere, Aratusteak askoz gehiago luzatuko dira. " Zazpi eguneko animazioa publiko guztiei zuzenduta dago, eta horientzat Udalak eta Jai Batzordeak hamabost jarduera antolatu dituzte".

Tabernen lehiaketaren kasuan, "epaimahaiak 0 eta 100 puntu arteko puntuazioa emango die parte-hartzaileei inauterietako gauean zehar", azaldu dutenez. Azkenik, "epaimahaikideek kontuan hartzen dituzten aldagaiak dekorazio lana, edertasuna, giroa eta publikoarekiko interakzioa dira". - I. F.