Gernika-lumo - Ez da epe laburren egingo, baina Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak egoitza berria izango du etorkizunean, Gernika-Lumoko Juan Calzada kaleko Gurutze Gorriaren eraikinera lekualdatuta. Eta horretarako pausoak emana hasia da. Honen adierazle da Gernika-Lumoko Udalak eta eskualdeko erakundeak aurki sinatuko duten akordioa. Udalbatzak herenegun onartu zuen, aho batez EAJ-EA koaliazioa eta EH Bilduren aldeko bozkekin, eraikinaren lagapen prozedurari ekitea. Eraikuntza berritzeko, 600.000 eurori aurre egi beharko dio eskualdeko erakundeak.
Udalak Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari egindako lagapena doakoa izango da -mantenua eskualdeko erakundeak egin beharko du-, hamar urterako lehendabizikoz, nahiz eta akordioa urtetik urtera berriztu ahal izango den epe hori pasata. Gaur egunean, bi eraikinetan ematen du zerbitzu Mankomunitateak: bata, Gernika-Lumko Alondegia kalean kokatua, bere gune zentrala dena; eta bestea industrialdean dagoen lonja baten. “Zerbitzu asko eskaintzen ditu Mankomunitateak eta beharrezkoa irizten diogu lekualdatzeari. Horrela eraikin berean kokatuko gara,bai langile zein erabiltzaileentzako hobea izango delarik”, Ana Hormaetxe Udaleko zinegotzi eta Mankomunitateko presidentak. Hala, “espazioa irabazteaz gain, erosoagoa izango da guztiontzako”. Gainera, Gurutze Gorriko eraikinak eskualdeko familia elkargunea hartu du bere baitan -Eusko Jaurlari-tzak Mankomunitatearen klaguntzarekin kudeatzen duena-, iazko abendutik. Gernika-Lumoko alkate Jose Maria Gorroñok ere iritzi berbera plazaratu zuen udalbatzan. “Beharrizana badute eta eraikina gaur egun erabilgarria izan daiteeke”.
egokitzapena Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, hala ere, pauso berriak eman beharko ditu lekualdatzea posible egiteko. Erakundearen arduradunen arabera, “akordioa sinatu behar dugu, lehendabizi. Eta ostean proiektua egiteari ekingo” diote, beharrizanak eta Gurutze Gorriaren eraikineko espazioak baliatzeko. Hogei langile inguru ditu Mankomunitateak eta milaka erabiltzaile urtero. “Proiektua eginda, egokitzapen lanen lizitazioari ekingo genioke”. Bada, eraikina biziberritzeko “eta beharrezko dituen egokitzapenak egiteko” 600.000 euroko inbertsioa egin beharko dela deritzote. Hori horrela, eskualdeaz gaindiko erakundeekin lankidetzan arituko dira, finantzioazio iturriak aztertzeko.