Gernika-Lumo - Zazpigarren urteurrena beteko du datorren abenduan, baina 2012an martxan jarri zenetik bere funtzioa bete duela argi dute Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko arduradunek. Busturialdea eta Lea-Artibaiko 56.000 biztanleren erreferentziazko zentro, Gernika-Lumoko Ospitalak 265.000 kontsulta mediko baino gehiago eta 126.000 larrialdi baino gehiago artatu ditu eta 3.000 ebakuntza kirurgiko baino gehiago egin ditu.

Osasun sailburuak, Nekane Murgak, ospitalea bisitatu zuen atzo, Osakidetzako Zuzendi Orokor Juan Luis Diegorekin batera. Bertan lan egiten duten 96 profesionalen lana balorean jarri iostean, zera zehaztu zuen: “Gernika-Lumoko ospitaleari esker, irisgarritasuna hobetu da, ospitaleko osasun-arreta eta etxeko ospitaleko arreta herritar horiei gerturatzeaz gain, Gernikaldeko lehen mailako arreta, osasun mentala, errehabilitazioa eta an-tzeko osasun-zerbitzuak eremu bakarrean pilatu baititu”. Murgaren esantan, “Gernika martxan jartzeak urtean Galdakao-Usansoloko Ospitalera egiten ziren 60.000 joan-etorri saihesten ditu eta osasun-zerbitzu espezializatuak eskuratzeko denbora murrizten da” gehitu du.

Gernika-Lumoko Ospitaleak bere zerbitzu-zorroa handitu du eta “egun dituen prestazio ezberdinak modu mailakatuan txertatzen joan da”.Adibidez, 2014ean jarri zuten martxan kirurgia blokea. Eta azken urte hauetan kirurgia handi anbulatorioko 3.192 ebakuntza egin dira; hau da, ingresurik gabekoa. Kirurgia txikiko ebakuntza, bestetik, 5.292 egin dira.

Berrikuntzarik ere bada datozen hilabeetarako. “Kardiologiako erantzun azkarreko kontsulta bat martxan jarriko da, Urologian dagoeneko ezaugarri horiek dituen kontsultari gehitu zaiona”, Osakidetzako arduradunek aipta zuten moduan. “Azken finean, kontsultara doazen pazienteak, haien patologiaren arabera, zentro honetan egin ahalko dituzte egun berean espezialitate horretako beharrezko probak, horien artean ekokardiogramak eta esfortzu-probak”.