BILBO. Bermeoko udalak tokiko kontsumoa bultzatzeko 'Bermeoko bonoa' kanpaina jarri du martxan. Kanpainak maiatzaren 25era arte iraungo du eta 94 establezimenduk parte hartzen dute. Bonoaren prezioa 10 eurokoa da, baina gastu ahalmena 15 eurokoa.

Horren berri eman zuten Nere Mintegik, Behargintzako zuzendariak; Ainhoa Barrenak Behargintzako teknikariak, eta ‘Bermeoko bonoa’ kanpainan parte hartzen duten establezimendu batzuen ordezkariak.

Mintegik azaldu zuenez, iaz Bermeoko bonoarekin izandako esperientzia positiboa kontuan hartuta aurten ere errepikatzea erabaki dugu; helburua Bermeoko enpresa txiki eta ertainetan kontsumoa suspertzea baita. Horrela, Berton eta Berazel elkarteekin elkarlanean jarritako ekimen honetan 10 langile baino gutxiagoko herriko denda guztiek parte hartu ahal izan dute eta 94 establezimendu atxiki dira ekimen honetara.

Bonoari dagokionez, Barrenak zehaztu zuenez, bonoaren prezioa 10 eurokoa da, baina bere gastu ahalmena 15 eurokoa. Halaber, erosketa bakoitzeko bi bono erabili daitezke, ezin dira gehiago metatu. Edozein kasutan, bonoen ordez ezin izango da dirurik bueltatu. Bonoak 15 euro edo gehiagoko erosketarako balioko du.

Non eskuratu eta epeak

Bonoak BBKko orotariko kutxazainetan eta internetez (https://tickets.kutxabank.es/#/eu/detalle/BBERMEO@Janto_KB/BONOBERM) eskuratu daiteke. Internetez erositako Bonoak frogagarri digitalean zein paperezkoan erabili ahal izango dira. Kreditu Txartel bakoitzeko 4 bono gehienez eskuratu ahal izango dira (Kutxabankeko bezeroek ez dute gain-kosturik izango, gainontzekoek 0,60 euro bono bakoitzeko). Bonoak eskuratzeko epea maiatzaren 6tik, atzotik, astelehenetik, maiatzaren 24ra izango da eta erabiltzeko epea maiatzaren 6tik 25era baita ere, biak barne. Kanpaina honetan parte hartzen duten dendek erakusleihoan kanpainaren logoa izango dute, bezeroak horren berri jakin ahal izateko.

Ekimen honetan mota ezberdinetako dendek parte hartzen dute: ile-apaindegiek, estetika zentroek, arropa eta oinetako dendek, lentzeriek, bitxi-dendek, farmaziek (errezeta gabeko produktuak saltzeko), eta baita ere produktu freskoen dendek.

Mintegik herritar guztiak bono horiek hartzera animatu zituen; izan ere, herriko dendetan kalitatezko produktuak, hurbileko tratuarekin, eta gainera deskontu erakargarri hauekin eskuratzeko aukera izango dute.

“Bermeoko bonoa kanpaina apustu oso garrantzitsua da Bermeoko Udalarentzat eta espero dugu, iaz bezala, emaitzak onak izatea; izan ere, helburua da tokiko kontsumoaren alde egitea, horrek gure herriko merkataritza sustatzen duelako eta herriko merkataritzak bizia, garapena, enplegua eta bestelako onurak ematen dizkiolako gure herriari. Erosi Bermeon!”, azpimarratu zuten.