BARAKALDO. Gutxi falta da uda heltzeko, eta horrekin batera, udalekuak itzuliko dira. Hala, Barakaldoko Udalak datorren astean irekiko du hiri-udalekuetarako izen ematea, eta apirilaren 30era arte egongo da zabalik. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta, aurten telematikoki egin beharko da matrikulazioa, udal barakaldarraren egoitza elektronikoaren bidez. 2009tik 2018ra bitartean jaiotako neska-mutilak inskribatu ahal izango dira.

Datorren uztailean ekingo dio berriro Barakaldok jarduerari, pandemia urtebetez jasan eta gero. 700 toki prestatu dira, oraingo honetan hiriko lau ikastetxeotan banatuta: Juan Ramón Jiménez, Alkartu, Ibaibe eta El Pilar. Bi txanda antolatu dira: uztailaren 1etik 14ra eta uztailaren 15etik 28ra. "Garrantzizkoa da nabarmentzea jarduera pandemiaren bilakaerak baldintzatuko duela, eta behar izanez gero, eten egingo dela, arrazoi sanitarioak izatekotan", azpimarratu du Canterok.

Matrikulazioa online egingo da; horretarako, galdetegi soil bat bete beharko da, baina ez da ziurtagiri elektronikorik beharko. "Familiak udaletxera etorri beharrik ez izaten ahalegindu gara, eta izen-ematea webaren bidez egin ahal izatea lortu dugu; beraz, ordenadoretik, mugikorretik, tabletatik... eman ahal izango dute seme-alaben izena", adierazi du Kultura, Hezkuntza, Euskara eta Gazteri Arloko zinegotzi Nerea Canterok.

Tokiak zozketa bidez esleituko dira datorren maiatzaren 5ean. udal web-orrian argitaratuko da onartutakoen zerrenda, onartutako txanda zein den (biak aukeratu badira) eta udalekuak zein ikastetxetan egingo diren zehaztuta.

JANTOKI ZERBITZUA ETA INGELESEZKO JARDUERAK

Hiri udalekuak euskaraz egingo dira hein handi batean; jardueren laurdena (% 25) ingelesez egingo da. Aukeran eskainiko da jantoki zerbitzua.

Udalekuen prezioa 11,20 eurotik 146 eurora artekoa da, jantokia barne; eta 11,20 eurotik 105,90 eurora artekoa, jantoki-zerbitzurik gabe. Familiek hilero dituzten diru-sarreren arabera ezarriko dira tasak.

Udalekuetara sartzeko ordutegia 8:30etik 9:00etara artekoa izango da; irtetekoa, berriz, desberdina izango da, jantoki-zerbitzua hautatu den ala ez kontuan hartuta. Udalekuetan bazkaltzen ez dutenen irteera-ordutegia 14:00etatik 14:30era bitartekoa izango da. Udalekuetan bazkaltzen dutenena berriz, 15:00etatik 15:30era bitartekoa.