BARAKALDO. Ostegun honetan, martxoak 18, Barakaldoko Udalak kultura-edukia zabaltzeko Kikarartean KT ON izeneko Youtubeko kanala estreinatuko du.

Amaia del Campo alkatea Kikarartean lokalera hurbildu da gaur goizean. Lokal hori Hala Dzipok kudeatzen du San Bizenten, eta plato bihurtu da orain. Plato horretatik streamingean igorriko dute eta Internet mundura entretenitzeko hainbat formatu jaurtiko dituzte, kultura ardatz hartuta.

"Gaur, gure kultura- eta elkarte-sarearen lan onaren adibide bikaina den proiektu bat aurkezten dugu, kasu honetan kultura sortzen jarraitzeko egokitzen jakin duena. Izan ere, lokal horretan, Hala Dzipok aurrez aurreko ekitaldiak egiten zituen. Orain, edukieraren mugak eta osasun-jarraibideak kontuan hartuta, plato bat bihurtzearen alde egin dute, eta nahi duten barakaldarren etxeetara sartuko dira Youtuberen bitartez", adierazi du Amaia del Campo alkateak, Hala Dzipoko David Nanclaresekin eta Malas Compañías-eko Mikel Picazarekin eta Zirkodomorekin batera.

"Kulturaren sektorea da Koronabirusaren osasun-krisiaren ondorio sozioekonomikoak gogor pairatzen ari denetako bat. Oso edukiera txikiko antzerkia, jendearekin elkarreragin hurbilekoa izateko ezintasuna, saioen kopurua ere, edo, gutxienez, saioen ordutegia, mugatzen duen etxeratze-agindua¿ Barakaldoko Udalak sektoreari laguntzen jarraituko du, gure tokiko elkarteen eskutik lan eginez, eta gure jarduerak unean-unean kultura segurua eskaintzeko aukera ematen diguten osasun-neurrietara egokituz", azpimarratu du alkateak.

ESTREINALDIA, OSTEGUNEAN

Kikarartean KT ON-en lehen emanaldia ostegunean izango da, 20:00ak inguruan. Kanalean, arte eszenikoei, hezkuntzari, gazteriari, literaturari, umoreari eta Barakaldoko kultura-eragileei egindako elkarrizketei buruzko edukiak aurkituko ditugu. Barakaldoko kulturaren bozgorailu izan nahi duen espazioa da; orain, koronabirusaren pandemiarekin ez da hain erraza eszenan egotea, eta elkarteek pantailaren beste aldean dagoen publikoarekiko interakzioa bilatzen dute. Horregatik, edukia aldizka berrituko da.