BARAKALDO. Herriko saltokien digitalizazioan lanean darrai Barakaldoko Udalak. Horretarako, 'Barakaldo Store' izeneko online salmentarako plataforma berri bat jaurtiko du. Plataforma horren proba pilotua erabat arrakastatsua izan da, eta laster erabiltzaileei irekiko zaie. Hurrengo pausua negozioak atxikitzeko fasea irekitzea izango da, plataforman integratu ahal izateko.

"Digitalizazioaren kontua aspalditik lantzen ari ginen, baina orain arte ez dugu pausorik eman", adierazi du Amaia del Campo alkateak. "Nolabait, osasun-krisiaren eragina proiektu honi ekiteko azken bultzada izan da, gure merkataritza eta zerbitzu sektorerako funtsezkoa iruditzen baitzaigu".

Joan den ekainean, proba pilotu bat egiteko prozesua hasi zen hainbat establezimendutan, profesionalen prestakuntzarekin, logistikaren garapenarekin eta bankuen kudeaketarekin batera. Lortutako emaitzek agerian uzten dute badagoela masa kritiko nahikoa "Barakaldoko online merkataritza-gunea" berme guztiekin martxan jartzeko kontsumitzaileentzat eta establezimenduentzat.

Aurreko urteetan bezala Udalak/Inguraldek ACE elkarteari tokiko enpresa txikia dinamizatzeko emandako diru-laguntzaren bitartez, eta aurten "Barakaldo Store" Marketplace birtuala martxan jartzeko erabili denari esker, plataformaren bidezko salmenta doakoa izango da lehen urtean, fase honetan atxikitzen diren establezimenduentzat.

Gainera, diru-laguntza horri esker, prestakuntza eta aholkularitza eskainiko dira, negozio guztiek plataforman sartzeko aukera berberak dituztela bermatzeko. "Barakaldoko merkataritza eta zerbitzu sektoreak esparru digitalean munduko beste edozein negozioren baldintza berberetan lan egin ahal izateko oinarriak jarri ditugu", adierazi du Amaia del Campok."Eta orain ahalik eta establezimendu gehienek bat egin behar dute plataformarekin, gure udalerriko aberastasun eta aniztasun guztiarekin sare integral bat sortzeko".

BarakaldoStore-ra atxiki nahi duten establezimenduek ACEra eraman dezakete beren interesa, urtarrilaren 31ra arte, mezu elektroniko baten bidez: Info@acebarakaldo.com

Plataforma Barakaldoko enpresa-sarearen errealitateari eta beharrei erantzuteko diseinatu da, sektorearen erabilgarritasunaren ikuspegi erraz eta eskuragarritik, eta oso aurreratua da funtzionamendurako giltzarri diren alderdietan, hala nola ordainketa-pasabidean edo saldu ondorengo arreta-zerbitzuan, eguneroko kudeaketa erraztuko duten call-center propioarekin.

"Komenigarria da gogoratzea ekimen honekin ez diogula trabarik jartzen denda fisikoaren eredu tradizionalari, kontrakoa baizik. Gure kaleak biziz beteta egotea behar dugu, eta, gaur egun, negozioak iraunkorrak izatea lortzeko modu bakarra digitalizazioan aurrera egitea da ", ziurtatu du alkateak.

Ekimena ACE Barakaldo Hiri Merkataritza eta Enpresen Elkarteak bultzatu du, eta aurten bere diru-laguntzaren zati bat proiektu horretara bideratuko du. Gainera, irekita dago udalerriko edozein dendek parte har dezan, ACE Barakaldori lotuta egon edo ez.

Plataforma hori martxan jartzeko, Inguraldek azterketa sakon bat egin du negozio txikien premiei buruz eta banaketa-erraldoien aurrean lehiatzeko aukerei buruz; izan ere, pandemiak iraun duen bitartean, haien posizio finkatua ikusi dute. Ildo horretan, berariaz lan egin da tokiko negozioak balioetsiko dituen, banaketa-logistika eraginkortasunez kudeatuko duen eta ordainketa-pasabide gisa aukerarik onena bermatuko duen tresna batean. Horrekin batera, sektore osorako irudi koordinatua zabaldu da.

"Badugu gure enpresei laguntzeko behar dugun teknologia; orain, profesionalen, erakundeen eta herritarren artean partekatu behar dugu ahalegina, gure kaleetako pertsianek irekita jarrai dezaten eta hiri bizi eta aberastasun ekonomikoaz goza dezagun", esan du alkateak.