BARAKALDO. Barakaldon gertatutako azkeneko eraso sexista jasan duen emakumeak gertakari honi erantzun publikoa emateko protokoloa ez abiaraztea eskatu egin dio beren-beregi Udalari. Beraz, Barakaldoko Udalak erasoa kondenatu du.

Biktima artatu ondoren, haren esku jarri ditu Emakume Arloak behar ditzakeen baliabideak. Amaia del Campo alkateak gogor kondenatu eta gaitzetsi du emakumeen aurkako indarkeria oro.

Udal barakaldarrak berriki abiarazi duen eraso sexistei erantzun publikoa emateko protokoloak jasota dauka erantzun publikoa abian ez jartzeko kasuistika, erasoa jasan duenak hala eskatzen badu. Kasu honetan, emakumeak salaketa egin ostean, argi utzi du ez duela protokoloa abian jartzeko baimenik ematen, eta, horrenbestez, Udalak aintzat hartu du eskera.

Alde horretatik, Emakume Arloko Rakel Olallak egoeraren berri eman die udal talde politikoen bozeramaileei, eta erasoa jasan duen emakumeari Arloaren esku diren baliabideak eskaini dizkio.

KONDENA ETA GAITZESPENA

Alkateak, bere aldetik, erabateko kondena eta gaitzespena agertu nahi izan du eraso matxista ororekiko. "Erasoak dira gizon eta emakumeen arteko berdintasun ezaren adierazle. Gaitza suntsitu beharra daukagu, eta biderik egokiena pertsonak berdintasunean eta errespetuan heztea da, zein sexutakoak diren kontuan hartu gabe", erantsi du. "Barakaldon ez dugu inolako eraso matxistarik onartuko, eta horren seinale, Tokiko Poliziak zein bizkor jardun duen. Ez dugu onartuko eraso bat ere erantzunik gabe geratzea", esanez amaitu du.