BARAKALDO. Barakaldoko Emakume Arloak indarkeria matxista edo familiazkoaren biktimei arreta emateko 230 jarduketa baino gehiago egin ditu urtearen lehenengo seihilekoan. Emakume Arloko zinegotzi Rakel Olallaren hitzetan, alarma egoerak iraun duen bitartean, 71 kasutan eman da arreta psikosozial eta juridikoa. "Arloko zerbitzuaren beharra izan duten emakume guztiei eman diegu arreta", ziurtatu du Olallak.

Indarkeria matxista nahiz familiazkoaren biktima diren eta gizartetik bazter geratzeko arriskuan diren emakumeei ez ezik haien ardurapean diren adingabeei ere sostengua, aholkularitza, bizileku-baliabideak eta arreta psikosoziala nahiz juridikoa eskaintzen die Emakume Arloak. Aurten, gaur arte, horrelako 235 jarduketa burutu ditu. "Alarma egoeran, 71 emakumeri eman diegu arreta arrazoi desberdinen karietara, eta arreta psikologikoa eta juridikoa eskaini izan diegu, bata zein bestea jardunean izan baitira une oro, haien beharra izan duten emakume guztiei arreta emateko. Ez da bakar bat ere geratu zerbitzua jaso gabe", azpimarratu du Olallak.

24 ordutan dihardu Emakume Arloko zerbitzuak, goizez, 944 789 435 telefono zenbakiaren bitartez, eta ondoren, 010 zenbakiaren bitartez, "herritarrek egindako edozein dei jasotzen baita", azpimarratu du. Gauza bera gertatzen da Tokiko Poliziak nahiz Ertzaintzak bideratutako kasuetan, "Indarkeria matxista edo sexistaren bat jasandako emakumeei arreta emateko moduan baitago Arloa eguneko 24 orduetan", adierazi du.

Joan den martxoaren 14tik, alarma egoera hasi zenetik, alegia, iragan ekainaren 30era arte, erasoa jasandako emakumeen 32 kasu bideratu ditu Ertzaintzak. Epealdi horretan, 106 emakumeei eskaini zaio arreta psikosoziala, eta 30i, berriz, arreta juridikoa. Horrez gainera, Barakaldoko harrera etxeak ¿ horrelako ezaugarriak dituen Euskadiko baliabide bakarra, gaur gaurkoz ¿ 7 emakume hartu ditu. Baztertuetarako pisu bat ere kudeatzen du Emakume Arloak, eta oraintxe bertan, emakume gazte bat dago bertan. "Joan den astean, pandemia garaian Emakume Arloa zertan aritu den galdetu zuen norbaitek. Lanean jardun du, beharra izan duten emakumeei arreta ematen: hortxe dira datuak", esan du Olallak, bide batez, gogoraraziz, garai horretan sentikortze kanpaina bati ekin zitzaiola herritarrek sala zitzaten genero indarkeria kasuak, halakoren bat jasan edo ikustekotan.

Bestalde, Barakaldok indarkeria kasuetarako epaitegia ere baduela adierazi du zinegotziak. "Gezurra da emakumeek Bilboko epaitegietara jo beharra dutenik; badugu indarkeriaren epaitegia Barakaldon", azaldu du Olallak.

PREBENTZIO-LANA

Egin ohi dituen ekintzak indartu ditu Emakume Arloak, genero indarkeriari aurrea hartzeko. Horrela, bada, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako zentroetan egiten den "Berdintasunean hezi, indarkeriari aurrea hartzeko" programaz gainera, urtero, Martxoaren 8aren eta (Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna) Azaroaren 25aren karietara prestatzen diren emakumeentzako autodefentsa ikastaroak ugaritu dira, bai eta adin-zerrenda desberdinetarako hiruhileko tailerrak ere.