BILBAO. Barakaldoko Udalak San Bizente auzoko haurrentzako parkearen 560 metroko estalkia inauguratuko du aste honetan. Parkea Errosarioko plazan dago, eta hiriko laugarrena izango da estalkia estreinatuko duena.

Joan den legegintzaldian jarri zuen martxan gobernu taldeak hiria haur parke estaliz hornitzeko plana. Bi milioi euro inbertitu dira proiektu horretan, dagoeneko, eta aste honetan beste jolas gune berri bat gehituko zaio San Bizenten. "Auzo guztiek jolas gune estali bat izatea nahi dugu, herritarrek hala eskatu baitute, eta oso baliabide egokia baita gure txikientzat, batez ere euria ari duenean", adierazi du Hirigintza eta Udal Zerbitzu Arloko zinegotzi ordezkari Jonan Uriak, parke berria bisitatzera agertu denean.

Oihalezko estalkia eraikitzeko 173.864,85 euro inbertitu ditu Udala. Hau da hirian horrelako estalki bat jarri den lehenengo aldia. Bost ainguraketa dauzka egiturak alde bakoitzean, eta haren oinarria, familientzako jesarleku bilakatu da. Horrez gainera, led argiz hornitu dute estalkia; koloretako argiz, oraingo honetan.

Laugarren haur parke estalia du hau Barakaldok. Beste hirurak, Anaien parkekoa, Bakeakoa eta oraintsu estreinatu den Lutxanako Santiago Herrerokoa.

EGOKITUTAKO ZABUAK

Estalkiaz gainera, parkeko zabuak eraberritu dira, eta mugikortasun urritua duten umeentzako egokitutako jolas bat jarri dute. "Hori da herritarrei agindu geniena, Barakaldoko haur parkeak ume guzti-guztiak jolasteko modukoak izatea nahi baitugu. Horregatik, abian jartzen dugun berrikuntza proiektu bakoitzean sartzen dugu zabu egokitu bat", gogorarazi du Uriak. Segurtasun zoladura ere ordezkatu dute.

Haurren jolasetarako egin den inbertsioa 46.780,35 eurokoa izan da; horrenbestez, Errosario parkerako inbertsio osoa 220.645,20 eurokoa izan da.. "Has bitez, bada, auzoko familiak gozatzen", adierazi du zinegotziak, bide batez adieraziz, aurki beste proiektu "ilusio-eragileak abiaraziko dituztela, Desertu Berria eta Gurutzteko auzoetan".