BILBO. Barakaldoko udalak Okeluri eta Pio Baroja haur parkeak eraberritu ditu. Jolas-guneetako segurtasun zoladura berritu dute, eta zabu berriak jarri, horietako bat mugikortasun urriko umeentzat egokitua 48.396,58 euroko inbertsioa egin ondoren.

Amaitu berri ditu Udalak Okeluri eta Pio Baroja kaleetako haur parkeetako eraberritze lanak. Gurutzeta auzoko bi aldeotan egin dira jarduketak, gobernu taldeak joan den legegintzaldian abiarazi zuen haur-esparruen berrikuntzarako planaren barruan, txikien jolasteko baldintzak hobetzeko. Horretarako, 50.000 euro inbertitu dira.

Okeluri, 4 eta - Llanoko Cirilo Sagastagoitia parkeko atzeko aldean - Pio Baroja, 3ko haur guneetan ere agertu ziren narriadurak segurtasun zoladuran, denboraren iraganak eraginak. Horrela, bada, zeharo aldatu dira jolas gune bietako gomazko lurrak, eta zabuak zaharberritu dira, egiturak lixatu, garbitu eta margotu ondoren.

Horrez gainera, beste bi ume jolas jarri dira bertan, horietako bat, mugikortasun urriko umeentzat egokitutakoa. "Haur parke ugari dago Barakaldon, baina haietako asko narriaturik zegoen, azken urteotan ez delako batere mantentze-lanik egin. Horregatik abiarazi genuen aurreko legegintzaldian haur guneak eraberritzeko prozesu bat.

Guztira, bi milioi euro inbertitu ditugu horretan: jolas guneak estali ditugu, zoladurak berritu, zabu berriak jarri... Planari jarraipena emango diogu, Barakaldoko haur guneak guztiz eraberritzeko, hala nola, San Bizente auzoko Errosario - aurki amaituko dira estalkia jartzeko lanak - edo gaur bertan aurkeztu dugun hau", adierazi du Del Campok.