BILBO. Muskizko Udalak Burdinazko Mendietako Bide Berdearen lankidetza proiektuan jarraituko du. Muskizek, Artzentalesek, Abanto-Zierbenak, Galdamesek eta Sopuertak 35.000 euro jarriko dituzte guztira.

Borja Liaño Muskizko alkateak, Jose Maria Ignacio Iglesias Artzentalesko alkateak, Maite Etxeberria Abanto-Zierbenako alkateak, Raquel Larruskain Galdamesko alkateak, Emilio Reina Sopuertako alkateak eta Juan Ramón Melchisidor Enkarterrialde Enkarterriko Landa Garapeneko Elkarteko kideak Burdinazko Mendietako Bide Berdeetako lankidetza hitzarmena luzatzea izenpetu dute, natura baliabide honek Enkarterriko eskualdeari aberastasuna eta enplegua eskainiko dizkion produktu bihurtzeko apustua berreste aldera. Orotara, 35.000 eurokoa da bost Udal horiek bideratuko duten zenbateko osoa.

Lankidetza hitzarmen hau sinatzeak proiektu berriak sortzea ahalbidetzen du, eskualdeko ekonomia, gizarte eta natura garapena sustatzeko, horrela, kirolaren eta aisialdi osasuntsuaren bidez jarduera fisiko osasungarria bultzatzen duen tresna bihur dadin. Era berean, natura, kultura eta ibilbide osoan bertan dagoen meatze ondasuna zabaltzeko tresna ere izan nahi du Bide Berdeak. Hori horrela, eskualdera bisitariak ekartzea espero da, bisitan datozen horiei zerbitzuak eskaintzeko eta Bide Berdearen inguruan mota bateko eta besteko enpresa ekimenak sor daitezen.

2019. urte honetarako, hainbat ekintza bideratuko dira proiektu hau sustatze aldera, besteren artean, honako hauek: bideetako seinalizazioa hobetzea; “Igandeak bidean zehar” deitutako ibilaldi osasungarriak; Ondare Irekia izeneko irteera antolatzea, zeinak parte hartzaileei meatzetako bizipenak ezagutarazten dizkien, bidetik hurbil dauden eraikin garrantzitsuetara egiten diren bisita gidatuen bitartez; eta Galdamesko La Aceña trenbideko geltoki zaharreko eraikina jendearentzat irekitzea, asteburuetan, uztailetik irailera. Horretaz gain, iaz 400 parte-hartzaile bildu zituen Megaduatloiaren bigarren edizioak. 2019. urteari begira, azaroaren 3an (igandea) egitea aurreikusi da. Proba Bezi auzoan atera eta Pobeñan bukatuko da.Kontagailuetako datuak

Igaro den urtean, orotara, 100.000 igarotze baino gehiago zenbatu ahal izan dira Bide Berdetik, hortaz, batez beste, 900 bisita izan dira hilean. Urtarriletik abenduaren 8ra, Muskizen instalatutako kontagailuak 109.000 pase zenbatu ditu; Galdamesen dagoenak, berriz, martxotik abendura 85.000 igarotze jaso ditu.