GETXO. Getxoko Udalak 1.170.500 euroko aurrekontua bideratuko du udalerriko kirolari eta klubei laguntzeko. Neurri honekin, Udalak herriko klubei, elkarteei eta banako txapelketetan parte hartzen duten goi mailako errendimenduko kirolariei euren ohiko jardueratik eratorritako gastuak ordaintzen lagundu nahi die. Garai zail honetan kirolaren sektoreari laguntzeko abian jarritako dirulaguntza horiek eskatzeko epea gaur bertan, martxoak 10, zabalduko da.

Covid-19ak ere baldintzatu duen urte honetan, diru-laguntza lerro nagusiak iazkoen oso antzeko zenbatekoekin hornitu dira. Horrela, denboraldiko txapelketetan parte hartzen duten kluben eta errendimenduko kirolarien artean 656.900€ banatuko dira; oinarrizko kirolaren garapenerako 235.000€ bideratuko dira; ekitaldiak antolatzeko 197.000€-ko beste diru-laguntza lerro bat ezarri da; herriko kirolak sustatzeko 55.500€ erreserbatu dira; eta emakumezkoen kirolaren sustapenerako beste 25.000€ zuzenduko dira. Gainera, herriko jaietan kirol-jarduerak antolatzeko (500 €), ustekabean sortutako gastuak (100 €) eta muturreko kiroletan parte hartzeko jarduerak antolatzeko (500 €) lerroetan gutxieneko zenbatekoak egokitu dira. Kopuru horiek handitu ahal izango dira hurrengo hilabeteetan, pandemiaren bilakaera eta sortzen diren beharrak kontuan hartuta.

Laguntza horiek guztiak emateko, zenbait balorazio-irizpide bete behar dira; besteak beste, honako hauek: emakumeen kirola sustatzea, pertsona ezinduentzako jarduerak antolatzea eta klubek udalerriko kirol-politikan parte hartzea, eskola-kiroleko programen bidez.