69 kontzertu eta dibulgazio-jarduerekin itxi zuen joan den asteburuan Musika-Música jaialdiak bere 25. edizioa. Martxoaren 6tik 8ra bitartean, milaka lagun hurbildu ziren Arriaga Antzokira eta Euskalduna Jauregira musika klasikoaren arloan Europako erreferentzia handienetako bat den jaialdiaz gozatzeko.
2026ko Musika-Música jaialdian bereziki nabarmendu da publiko berrien presentzia, eta horien artean asko hazi da kontserbatorioetako familien, gazteen eta ikasleen presentzia. Musbika Ensemlek haurrentzako prestatu duen "Lumina" ikuskizuneko leku guztiak bete dira hiru emanaldietan (0E aretoan); horrek berresten du umeei musika klasikoa hurbiltzeko gero eta interes handiagoa dagoela, jaialdiak audientzia berriak sortzeko duen estrategia indartuz.
Era berean, Estatuko hainbat herritako kontserbatorioetako ikasle eta irakasleak entzuleen artean izan dira eta horrek garbi erakusten du musikarien belaunaldi berrientzat jaialdiak balio handia duela ikasteko, elkartzeko eta inspiratzeko.
Musika-Músicak tokiko, estatuko eta Europako publiko askotarikoa eta heterogeneoa bildu du aurten ere. Aspalditik Bilboko hitzordura etortzen den publiko frantsesaren fideltasuna nabarmendu behar da, eta horrek berretsi egiten du Jaialdiak bere 25 urteetan lortutako nazioarteko proiekzioa.
Kontzertu aipagarrienak
Edizio honen mugarrien artean, nabarmentzekoak dira Bilbao Orkestra Sinfonikoaren (BOS) eta Bilboko Koral Elkartearen irekiera-kontzertua, François López-Ferrer elkartearen zuzendaritzapean eman zutena, hilaren 6an (ostirala), Arriaga Antzokian; eta garrantzitsua baita Euskadiko Orkestraren parte-hartzea ere, ostiralean, Euskalduna jauregian. Hiru talde horiek lotura estua dute jaialdiarekin eta hiriko kultura-sarearekin. Aipatzekoa da, halaber, zein harrera ona egin zion jendeak Granadako Orkestrak emandako amaiera-kontzertuari, bai eta Auditorioan emandako gainerako kontzertuei ere, gonbidatutako bakarlari entzutetsuen parte-hartzearekin.
Gainera, Kioskoak ere tira handia izan du berriz ere, eta esan daiteke erreferentziako espazio bihurtu dela publikoarentzat. Interes horren erakusgarri da gero eta talde eta artista gehiago direla hurrengo edizioetan parte hartu nahi dutenak. 2026an, Euskadiko eta Estatuko 12 kontserbatorio eta musika-irakaskuntzako zentro aritu dira, eta, hartara, Musika-Música jaialdiaren prestakuntza-izaera, irisgarria eta parte hartzailea indartuz eta interprete gazteei ikusgarritasuna eskainiz.
2027ko edizioari begira
25. edizio honen arrakastaren ondoren, Musika-Música dagoeneko lanean ari da 2027ko Musika-Música jaialdiko programazioa prestatzeko lanetan. Datorren urtean Beethoven-en figura izango da ardatza, eta interpreteak, orkestrak eta publikoa bilduko ditu berriro Bonneko konpositorearen unibertso sortzailearen inguruan.
Jaialdiaren antolatzaileek berariaz eskertu nahi ditu publikoaren fideltasuna eta harrera bikaina, Arriaga Antzokian eta Euskalduna jauregian programatutako proposamen artistikoei sekulako erantzuna eman baitie.