Bilbao All Star Blues Band izango da uztailaren 24tik 26ra bitartean ospatuko den Bilbao Blues Festival jaialdiaren kartelaren buru.
Jaialdirako bereziki sortutako taldea da, eta honako artistek osatzen dute: Bob Stroger baxu-jotzaile eta abeslari mitikoa (Bilbao Blues Festival saria 2022an), Willie Buck (ahotsa), Teeny Tucker (ahotsa), Jimi Primetime Smith (gitarra), Anthony Geraci (pianoa), Wes Starr (bateria) eta Bob Corritore (harmonika).
The Cherry Boppers talde bilbotarrak hasiera emango dio bosgarren edizio honetako programazioari, uztailaren 24an, Patricia Reckless abeslariarekin batera, zuzeneko indartsu eta bizia eskainiko dute. Judith Hill, Ivan Singh eta Mark Hummel ere ariko dira Areatzan kokatutako Keler agertokian. Artista bikain hauei Travellin’ Brothers taldea gehituko zaie, ibilbide luze eta arrakastatsuagatik jaialdiaren saria jasoko baitu.
Jaialdiaren bigarren gunea, Areatzako Kioskoa, intentsitatez beteko da Blues Train, Ian Siegal eta Skyler Saufley artisten emanaldiekin. Kontzertu hauek blues garaikidearen adierazpide desberdinak publikoarengana hurbilduko dituzte.
Egitaraua
The Cherry Boopers eta Patricia Reckless - Uztailak 24, 19:00etan (Keler agertokia)
Duela 20 urte baino gehiago sortua (2004an), rhythm & blues, funk, soul edo jazz musikaren banderapean, The Cherry Boppers bilbotar konboak irekiko du Bilbao Blues Festival jaialdia. Talde instrumental beteranoaren eta Patricia Reckless abeslariaren arteko elkarlanetik sortu da “The Cherry Boppers meet Patricia Reckless” proiektua. 2024an grabatutako azken lanean soul-funk erritmo indartsuetara hurbiltzen dira, eta dantzarako gonbita egiten duen zuzeneko energetikoarekin nabarmentzen dira.
Mark Hummel - Uztailak 24, 20:45etan (Keler agertokia)
Mark Hummel (1955, New Haven, Connecticut) harmonika-jotzaile eta abeslaria historiako harmonika-interpretatzaile onenetakotzat jotzen da. Hummel, Bilbao Blues Festivalera bere talde bikainarekin iritsiko da, Anson Funderburgh (gitarra), Bob Hall (pianoa), Ted Bukowski (baxua) eta Wes Starr (bateria) osatua. Guztiek generoko kondairekin grabatu eta eszenatokia partekatu dute, horregatik, benetako blues “all star” taldea osatzen dute.
Judith Hill - Uztailak 24, 22:30etan (Keler agertokia)
Abeslari aparta izateaz gain, Judith Hill (1984, Los Angeles) konpositore, moldatzaile eta multiinstrumentista bikaina da. Artista handienekin korista gisa aritu da, hala nola Michael Jackson, Carole King, Prince, George Benson edo Elton John artistekin, eta Eric Clapton, Stevie Wonder, Johnny Mathis edo Gregg Allman bezalako musikariekin ere kolaboratu du. Judith, Grammy sariaren irabazlea, ahots indartsua du, eta estilo askotara moldatzeko gaitasun handia erakusten du: rhythm & blues, funk, jazz edo rock, blues eta gospel eragin nabarmenekin.
Ian Siegal Electric Band - Uztailak 25, larunbata, 12:30ean (Areatzako kioskoa)
Ian Siegal (1971, Portsmouth, Erresuma Batua) blues abeslari, konpositore eta gitarrista britainiarrak ikuskizun ikusgarria agintzen du Bilbao Blues Festivaleko agertokian bere ‘Electric Band’ taldearekin. Bere indargune nagusia, zalantzarik gabe, zuzenekoa da, agertokian erakusten duen presentziak pasioa, indarra eta energia handia transmititzen ditu.
Ian Siegal bluesetik abiatzen da batez ere, baina trebezia handiz mugitzen da rock, country edo folk estiloko lurraldeetara ere. “MOJO” aldizkari entzutetsuak “Erresuma Batuko blues konpositorerik adimentsuena eta interprete magnetikoena” dela esan du. Bere ibilbidean jasotako aitortzen artean daude bi UK Blues Awards, zortzi British Blues Awards, lau European Blues Awards eta hiru izendapen USA Blues Music Awards sarietan.
Blues Train - Uztailak 25, 14:00etan (Volotea gunea - Areatzako kioskoa)
Blues Train blueseko backing band indartsua da, musikari finkatuek osatua, bakarlari handiei laguntzen die proiektu ibiltari batean, 50 eta 60ko blues elektrikoko klasikoen errepertorioarekin, kalitate, erritmo eta ikuskizun handiko showak eskainiz. Txako Jones (ahotsa), Alex Caporuscio (gitarra), Mingo Balaguer (harmonika eta ahotsa), Paul San Martin (pianoa), Jorge Otero “Jafo” (baxua eta kontrabaxua) eta Adrián Carrera (bateria) osatzen dute taldea.
Ivan Singh - Uztailak 25, 19:00etan (Keler agertokia)
Córdobatik (Argentina) Chicagora. Hori da Ivan Singh gitarra-jotzaile eta abeslari gazteak egin duen bluesaren bidea, bere belaunaldiko musikaririk ezagunenetako bat bihurtzeraino. Bere gaitasun handiak bluesaren hiriburua (Chicago, Illinois) konkistatzera eraman du, Adela izeneko lau sokako slide gitarra bereziarekin lagunduta, “lata de batata” izenez ezagutzen denarekin. Gaztea izan arren, jada Buddy Guy eta Christone “Kingfish” Ingram bezalako musikariekin partekatu du agertokia, eta Amerikako, Asiako eta Europako hainbat herrialdetan jo du. Rolling Stone aldizkariak honela deskribatu du: “bluesa bizirik mantentzen duen artista, estilo fresko eta pertsonalarekin”.
Bilbao All Star Blues Band - uztailak 25, 20:45etan (Keler agertokia) eta uztailak 26, igandea , 1400etan (Volotea gunea - Areatzako kioskoa)
Bilbao Blues Festivalerako bereziki diseinatutako banda estelar hau blues estatubatuarreko benetako pisu astunek osatzen dute. Taldea honako hauek osatzen dute: Willie Buck (ahotsa), Bob Stroger (baxua), Teeny Tucker (ahotsa), Jimi Primetime Smith (gitarra), Anthony Geraci (pianoa), Wes Starr (bateria) eta Bob Corritore (harmonika). Instrumentista eta abeslari talde handi honek beraien artean dagoen kimika natural paregabea eta estiloaren garbitasuna erakusten dituzte, bluesa maila apartara eramanez. Taldeko kideen artean Bob Stroger dago, 95 urtekoa, jaialdiaren lehen edizioan, 2022an, Bilbao Blues Festival saria jaso zuena.
Travellin’ Brothers - Uztailak 25, 22:30ean, (Keler agertokia)
Travellin’ Brothers taldeak 1.300 kontzertu baino gehiago eta 11 disko ditu bere ibilbidean. Europa osoko klub eta aretoetan jo dute, eta AEBetan egindako biretan euren musika New Orleanseko Frenchmen Street kaleko areto mitikoetara eraman dute, hala nola BMC edo Bluenile aretoetara, baita Memphisko Beale Street ospetsuko BB King Club, 152 Club edo New Daisy Theatre aretoetara ere, edo Memphisko Orpheum Theatre handira. Halaber, Clarksdale (Mississippi) hiriko Reds Juke Joint aretoan jo dute, eta Texasko hainbat klub eta aretotan ere aritu dira, besteak beste Continental Club Houston, Red Brick Tavern Conroe edo Green Oaks Tavern Humble aretoetan.
Skyler Saufley - Uztailak 26, igandea, 12:30ean (Volotea gunea - Areatzako kioskoa)
Multiinstrumentista autodidakta gisa eta Alabama Blues Hall of Fame aretoko kide berria izanik, Skyler Saufley (1995, Virginia) ez da blues artista tipikoa, eta bere ibilbidea berezia dela esan daiteke. Jump, swing eta mendebaldeko kostako blues estiloko musikan espezializatua, Saufleyk agertokian presentzia bikaina erakusten du eta bere emanaldietan energia kutsatzeko gaitasun harrigarria du. Bere zuzeneko kontzertuetan blues elektrizatzailearen eta boogie-woogiearen nahasketa nabarmena da. Saufleyren talentuak bluesaren kondaira handien espiritua gogorarazten du, hala nola T- Bone Walker edo Pee Wee Crayton.
Pionera feministak eta esklabotzaren abolizioa buruzko hitzaldia - Uztailak 25, larunbata, 11:00etan (Guggenheim Bilbao Museoa)
Héctor Martínezek emango duen hitzaldi honek, Guggenheim Bilbao Museoaren TopArte programaren barruan antolatuta, “emakumeek esklabotzaren aurkako borrokan izan zuten protagonismoaz kontzientziatzea du helburu, bai mugimendu abolizionisten bultzatzaile gisa, bai Underground Railroad izeneko sarean parte hartzaile gisa”. Termino honek XIX. mendean AEBetan aktibo egon zen ibilbide sekretuen eta babes-etxeen sare klandestinoa izendatzen du. Ekitaldian Mayka Edjole (ahotsa) eta Alex Caporuscio (gitarra) ere arituko dira.
Boogie Woogie dantza-eskolak kioskoan - Uztailak 26, igandea (Volotea gunea - Areatzako kioskoa)
Ohikoa den bezala, Bilbao Blues Festival jaialdiaren azken eguneko goiza Boogie Woogie dantza-eskola herrikoiei eskainiko zaie; hitzordu honetako ohiko jarduera bihurtu dira jada. Swing Portugalete dantza eskolako Carlos Etxebarriak emango ditu, 11:30ean hasita, eta herritar guztiei irekita egongo dira.
Nazioarteko aitorpena duen antolaketa
Jaialdiaren sustatzailea den Crazy Blues erakundeak nazioarteko sari garrantzitsuenak jaso ditu musika genero honen sustapenean egindako lanagatik: Sustatzaile onenaren BBSA saria (Blues Behind the Scenes Award), European Blues Unionek Azoresen 2019an emandakoa, eta K.B.A. saria nazioarteko jaialdi baten antolakuntzarik onenari (Keeping the Blues Alive) 2015ean, mundu mailako onespen handiena, Memphisko Blues Foundationek emandakoa.
Bost edizio ospatu ondoren, Bilbao Blues Festival jaialdiak Europako blues zirkuituan erreferentziazko hitzordu gisa sendotzen jarraitzen du, tradizioa, nazioarteko proiekzioa eta kulturarako sarbide doakoa uztartuz hiriaren bihotzean.