GETXO. Getxoko Udalak 143.000 euroko aurrekontua bideratuko du Bizkaia Zubiaren plazako komun publikoak berritzeko lanak egiteko. Lan horiek hamar astetan bukatzea aurreikusita dago.

Ekipamendu berrituak hiru komun izango ditu: bat aniztasun funtzionala duten pertsonentzat, beste bat emakumezkoentzat —gutxienez hiru komun eta bi konketa izango ditu— eta hirugarrena gizonezkoentzat —gutxienez bi komun, hiru pixatoki eta bi konketa izango dituena—. Gainera, gela bat egongo da garbitzeko tresnak gordetzeko.

Funtsean, instalazioa eta ur eta saneamendu harguneak berritu eta egokituko dira. Komun berriak jarriko dira eta atal elektrikoaren gainean lan egingo da, ekipamendu horren argiztapena hobetuz. Halaber, komunetako irisgarritasuna hobetuko da oztopo arkitektonikoak kenduz, mugikortasun murriztua duten pertsonen erabilera erosoa errazteko: kanpoko aldean, komunen aurrean dauden eskailera-mailak eta jardineraren zati bat kenduko dira (egungo sarbidea osatzen duten elementuak dira), eta bi arrapala jarriko dira. Hautazko ibilbide bat ere egongo da, hiru mailatako eskaileren bidez, gainerako erabiltzaileak ekipamenduaren albo batetik zuzenean sartzeko.

Eremu publikoan dauden komunak eta zerbitzuak modernizatzeko beste urrats bat da Udalaren aldetik. Egitasmo horretan, lehenago Aixerrotako eta Areetako moilako (Areetako eta La Bola hondartzen aurrean) komunak birmoldatu ditu. Talde politikoek partekatzen duten eskaera da, eta Getxo Lagunkoia proiektuan ere planteatutakoa, adinekoekin adeitsua den hiria egiteko. Gainera, partaidetza bidezko aurrekontuetan jaso zen proposamena.