Koronabirusa dela eta

Kirol-ikastaroen programa atzeratuko du Getxo Kirolakek

10.09.2020 | 11:19

GETXO. Irailaren hasierarekin batera, pixkanaka-pixkanaka normaltasuna berreskuratzen hasi da gizartea. Hala ere, Getxo Kirolakek ezagutarazi du koronabirusak eragindako ondorioak arintzen hasi arte ez duela kirol-ikastarorik eskainiko. Helburua da egoera arintzen doan heinean pixkanaka-pixkanaka jarduera berreskuratzea.

Getxoko Kiroletako zinegotzia den Álvaro Gonzálezek azaltzen duen moduan, "une zaila bizitzen ari gara, eta beste ezer baino lehen arduraz eta erantzukizunez jokatu behar dela uste dugu. Jakin badakigu udal kirol-ikastaroen bitartez urtero kalitatezko kirol-proposamena eskaintzen zaiela 5.000 lagun baino gehiagori, eta bereziki indartzen dituztela adinekoek, haurrek eta emakumeen zati handi batek jarduera fisikoaren gainean dituzten beharrak; beraz, ikastaroak programatzen eta eskaintza zabaltzen ahaleginduko gara baldintzek ahalbidetzen duten heinean. Jarduera fisikoa egitearen helburu nagusia da gu osasuntsu egotea, eta, testuinguru honetan lehentasuna osasunak duenez, ez du zentzurik geure burua arriskuan jartzeak taldeko jarduerak egitea, harik eta baldintzak hobeak izan arte".

Ildo horretan, Getxo Kirolak-ek irekita du Fadurako kiroldegia, eta kirola banaka egiteko aukera ematen du. Era horretan, instalazioen zati handi bat irekita aurkitzen da abonatutako pertsonentzat, eta erakundearen webgunean aurrez erreserba eginda eta edukiera mugatuta erabil daitezke; tartean aurkitzen dira igerileku olinpikoa, tenis eta padeleko pistak, pilotalekuak, kanpoko kirol anitzeko kantxak, atletismoko pista eta belodromoa. Salbuespen gisa, fitness muskulazioko gimnasioa ere erabil daiteke; izan ere, han dauden aretoak handiagotu egin dira makinak tarte gehiagorekin jartzeko eta erabiltzaileen artean segurtasun-distantzia bermatzeko. Horrez gain, Gobelako kiroldegiko igerilekuak erabiltzaileentzat urrian irekitzea aurreikusten da.

KIROL FEDERATUA ETA ESKOLA-KIROLA

Azken haste hauetan kutsatzeek gora egin dutenez, Getxo Kirolak-ek, Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol zuzendaritzekin koordinatuta, eskola-kiroleko jarduerak bertan behera utzi ditu abisu berria eman arte, eta kirol-klubekin lanean ari da aurredenboraldiekin has daitezen, kirol- eta osasun-agintariek emandako arauak errespetatuz. Koordinazio-lan horren barnean dira udal-instalazioetara sartzeko eta horiek erabiltzeko protokoloak, entrenamenduetara itzultzeak kutsatzeko arriskua ahal den neurrian gutxiagotu dezan.