GETXO. Getxoko Udalak herriko arratoiak hiltzeko urteko bigarren kanpaina trinkoa hasi egin du gaur, uztailak 6. Kanpaina hau uztailaren 17ra arte iraungo du. Normalean hiru kanpaina trinko egiten dira urtero, Udaleko Ingurumen Arloak antolatutakoak.

Aurrez aurreko tratamendu da, trinkoa, orokorra eta aldi berekoa, eta honako egun hauetan eta Getxoko honako toki hauetan egingo da:

Hilak 6: Areeta aldea. Hilak 7: Romo-Zugazarte aldea. Hilak 8: Neguriko goiko aldea (metroko trenbidetik Ereaga hondartzaraino). Hilak 9: Neguriko beheko aldea (metroko trenbidetik Gobela ibairaino). Hilak 10: Arrigunaga eta inguruak. Hilak 13: Algortako goiko aldea. Hilak 14: Bidezabal-Ollarretxe gunea. Hilak 15: Algortako beheko aldea. Hilak 16 eta 17: Andra Mari auzoa.

Animalia horiek hobeto kontrolatzeko eta tratamendua guztiz eraginkorra izan dadin, Udalak herritarren laguntza eskatzen du, honako jarraibide hauei jarraituz: ez elikatu kaleko animaliak (katuak, hegaztiak €), ez utzi janari arrastorik bide publikoan, erabili paperontziak eta bota zaborrak 20:00etatik 22:00etara. Halaber, tratamendu horiek saneamendu-sareak, hustubide eta kanalizazio elektrikoetan egiten direnez gero, jabe-erkidego pribatuei gomendatzen zaie beren lorategietako eta barruko edo komunitateko patioetako arratoiak hiltzeko mantentze-zerbitzuak kontratatuta edukitzea, tratamenduak ere eraginkorragoak izan daitezen.

Azkenik, adierazi behar da erabiltzen diren produktuak horrelako tratamenduetarako baimendutakoak direla eta inoiz ez direla pertsonak edo animaliak hel daitezkeen lekuetan jartzen, pozoitzea eragozteko.