GETXO. Pasa den astean Ereaga eta Areetako hondartzetarako sarbiderako pasealekuetan egindako maskara erabiltzeko kontrol espezifikoak errepikatu egingo dira asteburu honetan zehar. Helburua erabiltzaileen osasuna bermatzea da, segurtasun neurriak betearaziz.

Udaltzaingoak ez du utziko maskara gabe pasatzen, baldin eta, gune horietan jendea pilatzen denean, osasun-segurtasuneko distantzia gordetzea ezinezkoa dela uste badu. Kontrolak Poliziak beharrezkotzat jotzen dituen tokietan egingo dira, aipatutako inguruneetako egoera ikusita.

Era berean, aurreko asteburuetako hondartzetako zirkulazioa eta sarbidea arautzeko neurriei eusten zaie, bai eta hondartza horiek arduraz erabiltzeko gomendioei ere.

DENBORALDIKO LEHEN ASTEAREN BALANTZEA

Denboraldiko lehen astea (ekainaren 15etik 21era) gorabeherarik gabe amaitu zen Bizkaiko hondartzetan jende lar pilatzeagatik, nahiz eta igande osoan jende asko egon zen hondartza guztietan, Foru Aldundiak aditzera emandakoaren arabera.

Bandera anbarra jartzeak eta megafonia bidezko abisuek mobilizatu egin zituzten okupazio handieneko momentuetan hondartzetan zeudenak, eta ez zen beharrezkoa izan aparteko neurririk hartzea edukiera-mugak mantentzeko. Ildo horretan, Bizkaiko Foru Aldundiak eskerrak ematen dizkie herritarrei, arduraz jokatu izanagatik hondartzetan pilaketak saihesteko, eta dei egiten die jarrera horri eusteko denboraldi osoan.

Hondartzetara joandakoen kopuruari dagokionez, lehenengo astean, 138.065 pertsona hurbildu ziren Bizkaiko hondartzetara, gehienak asteburuan, eguraldi onagatik. Zehazki, hondartzara joandakoen kopuru handiena igandean izan zen (65.895 lagun) eta gehien bisitatutako hondartzak Gorliz (18.041 pertsona), La Arena (15.036) eta Plentzia (14.864) izan ziren.