BILBO. Zinea bueltan da Muxikebarrin. Helduentzako eta umeentzako zinema zikloak jarriko dira, martxoaren 5ean eta 8an, hurrenez hurren. Sarreren prezioa 3,50 eurokoa izango da.

Zinemabarri Zine-kluba izena izango du helduen zikloak, film luzeak nahiz laburrak eskainiko ditu, ostegunetan, Areeta aretoan, 20:00etan. Bestalde, Zinematxiki Ume-zikloa izenekoak haurrei zuzendutako filmak emango ditu, igandeetan, 12:00etan.

Zinemabarri zinekluba Kultur Etxeak Areetako Musika Eskolan antolatzen duen zineklubaren antzeko filosofia eta asmoekin sortu da. Bada, Areetako zikloak kokaleku horretan izaten jarraituko du, eta ekimen hori eta Muxikebarrikoa elkarren osagarri izango dira. Hala, Algortako zikloak ere maila altuko zinema egitaraua eskaintzeko apustua egin du. Hainbat herrialdetako ekoizpenak emango dira, eta arreta berezia emango zaie europarrei eta estatukoei. Genero askotakoak izango dira, eta guztiak ere nazioarteko lehiaketa eta jaialdietan sarituak edo izendatuak.

Bertsio originalean, azpitituluekin edo bikoiztuta, zikloan film berriak eskainiko dira. Dena den, hiru urte baino gehiago dituztenak ere eman ahal izango dira noiz edo noiz, horien kalitatea edo gaia direla eta. Gainera, film laburren formatuaren aldeko apustua ere egingo da. Hala, bana emango da saio bakoitzeko film luzearen aurretik, eta arreta berezia jarriko zaie euskal ekoizpenei.

Azkenik, jarduera aberasteko asmoz, saio bakoitzeko emanaldiaren amaieran zineforuma egongo da zinema munduko gonbidatuekin, eta ikusleek parte hartu ahal izango dute.