Santakurtzak sekulako giro onean hasi ziren atzo Galdakaon. Hurrengo iganderarte luzatuko dira jaiak. Aurretik, hamar egun, egitarau luze-150 jarduera baino gehiago-eta pertsona guztientzako prestatutako jarduerekin. Ume, gazte, heldu eta pertsona zahar ugari bildu ziren kaleetan txupinazoa baino lehen, bere herriko jaiak behar den bezala hasteko. Eta hasiera honetan Galdakaoko kuadrilak izan ziren protagonista nagusiak. Zentzu honetan, arratsaldeko 17:30ak aldera, Plazakoetxeko inguruetan batzen hasi ziren kuadrila desberdinak. Kaleak gutxinaka kolore eta mozorro ezberdinez betetzen joan ziren, eta ez da harritzekoa, arratsaldeko 19:00etarako prest egon behar ziren eta. Ordu horretan hasi zen Santakurtzetako lehenengo jarduera, jaietako kuadrilen desfilea.

Kaleak musikaz, kolorez eta jendez beteta zeuden jada, eta desfile ederra eta dibertigarria suertatu zen. Denetarik ikusteko aukera egon zen; mendizaleak, txirrindulariak, garagardo botilen mozorroak...Kuadrilen artean, Erdu Mizkatan kuadrilan 18 lagun batu ziren hawaiarrez jantzita desfilean parte hartzeko prest. Antzeko Returns kuadrilan, berriz, prozezio bat antolatu zuten.

Arratsaldeko 20:00ak pasatxo zirela, Mozoilo Irratiko lankideek eta Galdakaoko pentsionistek pregoia irakurri eta txupina bota zuten. Pregoiaren bitartez, jaiak errespetuz gozatzera animatu zuten, baita erreibindikazio ugari aldarrikatu ere. Behean, ehunka pertsona txupinaren esperoan eta festa hasteko irrikaz, kalea goraino bete zuten. Txupinak egindako eztandaren ondoren, jaia lehertu eta kalean, jendearen festa gogo nabarmena nabari zen. Milaka pertsona batu ziren Udaletxeko eta Juan Bautista Uriarte kaleko inguruetan, dantzan, barre artean... Musika herriko leku eta txoko desberdinetan entzuten hasteko momentua zen, baita ordu horretan egiten zuen beroari, garagardo edo kalimotxo batekin aurre egiteko.

Autobusa Aurten, jaietako bi ostiral eta larunbatetan etxera arriskurik gabe itzultzeko helburuarekin, auzoen arteko gaueko autobusa jarri da martxan. Gau osoan izango da zerbitzua martxan, 01:00etatik 07:00etara bitartean.

Orduro, puntuetan aterako da herriaren erdigunetik, Juan Bautista Uriarte kalea 30etik, eta Urreta, Bengoetxe, Aperribai, Arkotxa, Zugatzu eta Usansolo lotuko ditu. Eraso matxistak saihestea da neurriaren helburu nagusia eta horregatik ibilbidean zehar bezeroak eskatzen duen lekuan geldituko da autobusa. “Zerbitzuaren helburu nagusia emakumeentzako arrisku-guneak gutxitzea den arren, edozein pertsonak erabili ahal izango du”, diote Udaletxetik.

Gaur, Kurtze Santuaren egun handian, 11:00etan, udal korporazioaren ekitaldi instituzionala izango da, ondoren Andra Mari Dantza Taldeak dantza tradizionalak eskainiko ditu, besteak beste. Aurretik, ondo pasatzeko bederatzi egun daude. Gora Santakurtzak!