Datorren ostiralean, apirilak 29, Imanol Arias aktoreak eta bere semeak, besteak beste, antzeztutako 'La muerte de un viajante' obra ikusi ahal izango da Ermua Antzokian. Arthur Millerren eleberrian oinarritutako antzezlana arratsaldeko 20.30etan hasiko da, eta sarrerak salgai daude dagoeneko 15 euroan.

SINOPSIA

Imanolek Willy Loman pertsonaiarena egiten du obran, bere ahalegin eta ibilbide profesional guztia lan egiten duen enpresari eman dion merkataritza-bidaiariaren gorabeherak antzeztuz. Bere helburu bakarra biziki maitatzen duen familiari, emazteari eta bi seme-alabei, bizitza hobea ematea da, arrakasta izan eta gizartean gora egin, aurrera egiteko anbizioa irakatsi nahi dielarik.

Langile nekaezina, orain, hirurogeita hiru urtekoa, nekatua dagoena, atsedenik gabeko bizitza baten ondoren, enpresan duen posizioa kolokan ikusten du. Bere salmentak jada ez dira zirenak, eta bere produktibitatea txikitu eginda geratzen da; horren ondorioz, buruzagiekiko harremana jasanezina da. Bere ezkontza ere ez doa ondo, ezta seme-alabekiko harremanak antzinako sekretu bat ezkutatzen duena, egoerak erresuminez betetzen eta familiaren egonkortasuna suntsitzeko mehatxua delarik. Horrek guztiak protagonista depresio- eta autosuntsipen-espiral batera eramaten du, non bere sostengu bakarra bere emazte ukatua baita, itxuraz ulertzen dion bakarra. Gertaerak korapilatu eta ametsak desagertu ahala, dena doa amaiera tragiko baterantz, saltzaile garaituak ezinbestean bideratua dirudiena.

GIZAKIARI ETA KAPITALISMOARI BURUZKO GOGOETA

Kapitalismo basati baten krudelkeria, zeinetan gizakiak ekoizteko gai dena baino ez baitu balio, bete gabeko ametsek eragindako frustrazioa, gurasoek eta seme-alabek beren maitasuna adierazteko duten ezintasuna, bikote-harreman konplexuak, eta besteek arrakasta izateko eta onartua izateko beharra, horiexek dira dramaturgia garaikidearen maisulan honen ardatz nagusiak. Gizakiari buruzko gogoeta suntsitzailea, klasiko ona denez gero, gaur egunerako baliagarri izan eta pil-pilean dirauena, aurreko medi erdian idatzi zen garaian bezala.

Imanol Arias aktore ospetsua antzerki bateko eszenatokian lanean berriro ikusteko aukera izango dugu, bere haurtzaroa eta gaztaroa igaro zituen herrian, familia lan-kontuengatik bertan kokatu baitzen. Imanol Arias Ermuan antzeztu zuen 2020ko otsailean, Zaldibarko zabortegia gainezka egin zuen astean, 'El coronel no tiene quien le escriba' lanarekin. Orduan, emanaldi haren aurretik, Juan Carlos Abascal alkatearekin, Beatriz Gamiz alkateorde eta kultura zinegotziarekin eta Carlos Totorika alkate ohiarekin bildu zen. Udal ordezkariek oroigarri batzuk eman zizkioten.