Astelehenero egin ohi duen bezala, Ermuko Udalak ezagutzera eman du aste honetako udako zinemako programazioa. Baina aste honetakoa berezia izango da, azkena izango baita. Beti bezala, emanaldiak Orbe Kardinalaren plazan egingo dira, eta gaueko 22:00etan hasiko dira. Astelehenean 'Agur Etxebeste!' proiektatuko da, eta asteazkenean, aldiz, 'Las invisibles' izeneko komedia frantziarra.

Irusoin, Kilima Media eta La Fidèle Production ekoiztetxeen elkarlanaren emaitza da filma. Asier Altunak eta Telmo Esnalek zuzendu dute, biek gidoia ere landu dutelarik Nagore Aranbururekin batera. Sinopsiak laburbiltzen duenez "Osasun arazoak" direla eta, Patrizio Etxebestek alkatetza utzi behar izan du. Hala ere, udalaren agintaldia ez galtzeko, Maria Luisa emaztea izendatu du herriko lehen alkate emakumea. Baina Maria Luisak oso serio hartuko du bere lana eta goitik behera aldatuko du udalaren funtzionamendua, bikote harremana hankaz gora jarriz.

SEGURTASUNA MANTENTZEKO JARRAIBIDEAK

Edukiera mugatuta eta kontrolatuta egongo da emisio guztietan, osasun-egoeragatik. Zine-saio guztietan, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea publikoaren gunera sartzeko. Eserlekuak euren artean 1,5 metroko distantziarekin kokatuko dira, eta bizikidetza-unitate bereko pertsonak bakarrik eseri ahal izango dira elkarrekin. 10 urtetik beherako haurrek heldu batekin joan beharko dute.

Proiekzio osoan zehar, publikoa eserita egon beharko da, eta zine-gunea utziz gero, ezingo da berriro sartu. Ikuskizuna amaitu ondoren, bertaratutakoek eserlekuetan egon beharko dute eta antolakuntzako langileen jarraibideak bete beharko dituzte, gunetik txandaka irteteko.