Ostegun honetan, uztailak 29, igandean jokatuko diren Plazandreak txapelketaren aurkezpen ofiziala egin da. Amorebieta IV pilotalekuak jasoko ditu txapelketa honen finalak.

Amorebieta IV pilotaleku eraberritua izango da finalen eszenatoki, arratsaldeko 19:30etan hasita. Gainera, txapelketako partidu guztiak ateak itxita jokatu badira ere, final handia zuzenean ikusteko aukera izango dute zornotzarrek. Legeak baimentzen duen moduan, harmailetako aforoa % 35ekoa izango da; sarrerak debalde eskuratu ahal izango dira.

EMAKUMEZKOEN KIROLA, UDALAREN KONPROMISOA

Osteguneko aurkezpenean, Udalaren ordezkari gisa, Berdintasun zinegotzia den Ainhoa Salterain Gandariasek azpimarratu du Udala etengabe ari dela lanean bizitzako esparru guztietan, emakumea ahalduntzeko; eta kasu honetan, gogoratu du kirol-arloan emakume eta gizonen arteko ezberdintasun hori oraindik nabarmena dela: “emakumeen eta gizonen arteko Berdintasunerako III Planaren baitan, Udala aktiboki ari da lanean emakumeek gizartean eta kirolean duten eginkizuna sustatzeko eta ikusarazteko. Gizarteak ez du emakumezko erreferenterik kirolari dagokionez, eta azken asteetan, Amorebieta IV udal pilotalekua adibide garbia izaten ari da emakume pilotarien profesionaltasunari, ahaleginari eta dedikazioari dagokionean. Orain lau urte, 2017an, Amorebieta-Etxano aitzindari izan zen, bertan jokatu baitzen baita ere Eskuz Binakako emakume txapelketako aurreneko finala”. Era berean, Udalak eskerrak eman nahi dizkio EITBri emakumeen pilota prime time-era eramateagatik, eta zorterik onena opa die txapelketako finalistei.