ERMUA. Urte berriaren hasierarekin batera, Ermuko Udaleko Garapen Ekonomikoaren sailak jarduera ekonomiko berriak martxan jartzen darrai. Hori dela eta, Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, Enpresa Kudeaketa ikastaroaren edizio berri bat abiaraziko du.

Formakuntza egitasmo honen helburua ekintzaileei enpresa plana eratzeko eta ekonomia eta finantza ikerketa garatzeko behar dituzten oinarrizko ezagutzak eskaintzea da. Era berean, parte-hartzaileek banakako nahiz taldeko aholkularitza saioak jasoko dituzte.

30 orduko iraupena izango du ikastaroak, eta Izarra Centre eraikineko laugarren solairuko D aretoan eskainiko da, otsailaren 22tik martxoaren 3ra bitartean, 09:00etatik 13:00etara. Aurreko urteetan bezala, kooperatibak bultzatzeko Elkar-lan Elkarteak eta Izarra Centren kokatutako hainbat enpresak parte hartuko dute formakuntzan, ikasleekin sustatzaile eta ekintzaile moduan duten esperientzia partekatzeko.

Behin ikastaroa amaituta, parte hartzen duten pertsonek Bizkaiko Foru Aldundiak eskuragarri jarriko dituen 5.000 eurorainoko diru-laguntzak lortzeko aukera izango dute, Langabezian edota baztertzeko arriskuan dauden pertsonek enpresak sortzea eta autoenplegua sustatzea programaren barnean.

Bizkaiko Aldundiaren diru-laguntzak lehiakortasunaren eta erakundeak ezartzen dituen parametroen arabera eskuratzen dira.

Izen-emateak otsailaren 12ra arte

Formakuntza ikastaroan parte hartu nahi duten pertsonak Bizkaiko edozein herritan erroldatuta egon beharko dira, eta autonomo gisa alta eman aurretik, langabezian. Gainera, egitasmoa aurrera joan dadin, gutxienez 8 parte-hartzaile beharko dira, eta gehienez 15.

Izen-emateak otsailaren 12a baino lehen egin beharko dira pe@udalermua.net helbide elektronikora idatziz. Plazak eskaerak iristen diren ordena berean esleituko dira.

IZARRA CENTREKO INSTALAZIOAK

Zearkale kaleko 36. zenbakian kokatzen den Izarra Centre eraikinak ekintzaileentzako beharrezko azpiegiturak ditu: bulegoak, bilera-gelak, atseden-guneak, etab. Gainera, ekimenaren egoerara egokitzen diren hainbat zerbitzu jartzen ditu haien eskura, hala nola hasierako laguntza, prestakuntza, mentoringa edo networkinga egiteko aukera. Ekosistema oso bat, ekintzailetza, enpresaren hazkundea eta finkapena bultzatzea helburu duena.