AMOREBIETA-ETXANO. Amorebieta-Etxanoko biztanleak aurrez aurreko kultur ikuskizunez gozatu ahal izango dute berriro. Hala, hurrengo larunbatetik aurrera, hilak 22, konfinamendu garaian hain erabilgarriak izan diren online ikuskizunak alde batera utzi eta zuzen-zuzenean ikusi ahal izango dira berriro.

Lehen emanaldia abuztuaren 22an izango da, 21: 30ean. Egun horretan Santiago Seguraren Padre no hay más que uno (lehengo filmea-2019) ikusteko aukera egongo da, orain bigarren zatia estreinatu da eta lehenengoa gogoratzeko momentu ona izango da. Izan ere, abuztuaren 30ean Zornotza Aretoan filme berria eskainiko da. Egun horretan Zornotza Aretoa ere lehenengo aldiz zabalduko da zinea eskaintzeko martxoan itxi zenetik.

Abuztuaren 28an, 20: 15ean, antzerkiaren txanda izango da Ganso & Cia konpainiaren eta bere Panoli Kabareta ikuskizunaren eskutik, 40 minutukoa, covid-19aren garairako eta garaian asmatutako kaleko antzerki-ikuskizuna, Gorka Gansok eta Cecilia Paganinik antzeztua. Konpainiaren eszena onenetako batzuen bidez sortutako proposamena. Zirkuko ikuskizunen parodia bat da, umorez beteta, publiko guztientzat eta, bereziki, "pertsonentzat".

Abuztuaren 29an, 19: 30ean, dantzaren txanda izango da, Tio Teronen Semeak taldearen eskutik. Aritz Salamancak zuzendutako Festamentua ikuskizuna taularatuko dute, eta kuadrilla ospetsuak hileta elizkizun batean parte hartu behar izango du. Umorea, dantza eta melodia gogoraerrazak uztartzen dituen ikuskizun originala da.

Ekitaldi guztiak Amorebieta IV frontoian izango dira, edukiera murriztuarekin, eta doakoak izango dira, nahiz eta bertara sartzeko doako sarrera inprimatu edo telefono mugikorrean eraman beharko den. Sarrerak 5 egun lehenagotik eskatu eta deskargatu ahal izango dira emanaldi bakoitzerako, abuztuaren 18an lehen ikuskizunerako, Zornotza Aretoaren webgunean. Gehienez bost sarrera eskatu ahal izango dira. Eserlekuak eskaera-ordenaren arabera esleituko dira, eta eskatzailearen datuak eman beharko dira. Esparrura sartzean, eskuak garbitu beharko dira, eta maskara nahitaez erabili beharko da ikuskizunean zehar ere, momentu oro. Sarreran adierazitako eserlekuak erabili beharko dira segurtasun-tartea mantentzeko antzezpen osoan, jarduera erabat segurua izan dadin.