- Martxoan ezarritako osasun-larrialdiak eta alarma-egoerak ikasturtea etetea ekarri zuen, baita jantokietako zerbitzua ere, eta ondorioz hainbat familien premiak handitu egin dira. Hori dela eta, Elorrioko Udalak egoera soziekonomiko txarrean dauden familiei zuzendutako 10.000 euroko diru-laguntza aurreikusi du, ikastetxeetako jantokietan seme-alabak dituzten familientzat. Laguntza eskatzeko epea zabalik dago eta uztailaren 14ra arte aurkeztu ahal izango dira. Familia bakoitzak 90 euroko laguntza lerroa izango du ume bakoitzeko.

Diru-laguntza lerro berezi hau duela aste batzuk ezagutzera eman zen Elorrio Biziberritzen plan integralaren neurrietako bat da eta helburu honetara bideratu duen diru kopurua 10.000 eurokoa izango dela adierazi zuen udalak. Diru-laguntza hori Elorrioko udalerrian familia-unitatea duten seme-alaba adingabeen kopuruaren arabera banatuko dela adierazi zuen. Horrela, eskolatutako seme-alaba adingabe bakoitzeko 90 euro emango zaio familia-unitate bakoitzari, eta diru-laguntza hilekoa izango da. Hau da, martxotik jangela-zerbitzuak eten egin ziren eta beraz ekainera arte luzatuko dira.

Udal arduradunek adierazi zutenez, “larrialdiaren hasieran, Udalak kontuan hartu zituen egoera zaurgarrian egon zitezkeen familiak, eta elikagai-loteak banatu ziren martxoan eta apirilean. Hala ere, banaketa horrekin jarraitzeko ezintasunaren aurrean, Elorrioko Udalak erabaki du urgentziazko deialdia egitea koronabirusaren ondoriozko osasun-krisiaren eraginez, eskola-jantokia erabiltzerik ez duten eta egoera sozioekonomiko txarrean dauden familiei diru-laguntzak emateko”. Beraz, laguntza horien azken helburua osasun-krisiaren aldi horretan adingabe horien elikadura egokia bermatzea litzateke, premia biziko elikagaiak erosita, hala nola haragi eta arrain freskoak, fruta eta barazki freskoak, esnekiak eta lekaleak...

Laguntzak eskatzeko epea uztailaren 14an bukatuko da. Eskabideak udaletxeko webgunean daude eskuragarri eta tramiteak edo izapidea egiteko laguntzarik behar izanez gero, Herritarren Arretarako Zerbitzuko 946 582 712 telefonoa gogoratu zuten.

Diru-laguntza hau 2019-2020 ikasturtera begira zabaldu den arren, tokiko administrazioak aztertu egingo du osasun-krisialdiaren bilakaeraren ondorioz 2020-2021 ikasturtearen hasieran sortuko den egoera, eta horren arabera jardungo du.

Arlo ekonomikoan, Elorrio biziberritzen plan integralak 705.000 euroko inbertsioa izango du eta hainbat neurri sozioekonomiko batu ditu. Besteak beste, pertsonei eta familiei zuzendutako 23.000 euroko diru lerroa bideratu da, batik bat elikai bankua (13.000 euro) eta jantoki zerbitzuetako laguntza hauek 10.000 euro.

Helburua. Elorrioko Udalak 10.000 euro bideratuko ditu egoera sozioekonomiko txarrean eta eskolako jantokirik barik dauden familientzat.

Zenbatekoa. Familia-unitate bakoitzari 90 euroko diru-laguntza emango zaio seme-alaba bakoitzeko.

Epea. Uztailaren 14ra arte aurkeztu ahal izango dira Herritaren Arreta Zerbitzuan.