ERMUA. Gaur, hilak 22, astelehena, Ermuko Udalak herriko haur-parke guztiak irekitzea erabaki du. Hiru hilabete luze eman dute itxita, martxoaren hasieratik, baina dagoeneko umeek erabili ahal izango dituzte gaurtik aurrera. Udal langileak pasaden astearen amaieran hasi ziren dena prestatzen. Ostiralean kendi zituzten zigiluak, eta ostegunean, Urbabil enpresak elementuen mantentze orokorra eta prebentiboa egin zuen. Garbiketa-zerbitzuek prest jarri eta desinfekzio sakona egin zuten baita ere.

Haurrek jolasteko eta lagunekin elkartzeko gogo handia zuten, hiru hilabeteko parentesi luzearen ondoren. Hala ere, Hiri alorrak protokolo bat ezarri du erabiltzaileentzako espazio ahalik eta seguruenak izan daitezen. Hala ere, erabiltzaileen eta haien familien erantzukizun indibiduala eskatzen da, eta gogorarazten da haurren zaintzaileak arduratu behar direla adingabeek higiene- eta erabilera-arauak errespetatzeaz, guztien onerako, kutsatzerik gerta ez dadin, birusak gure artean jarraitzen baitu.

Horregatik, gehieneko edukiera kopuru zehatz batzuk finkatu dira, espazioaren tamainaren eta elementu kopuruaren arabera, eta gomendatzen da gutxienez 1,5 metroko distantzia gordetzea, bai eta 6 urtetik gorakoek maskarak erabiltzea ere. Eta higienea areagotu eta zaintzea, bai barrura sartu aurretik, bai handik irtetean. Obra-brigadako lankideek egunero desinfektatuko dituzte eremu horiek eta aparatuak lurruntzeko motxilekin eta sodio hipokloritodun ur diluzio batekin. Era berean, oihal bat pasatzen da helduleku eta heltzeko elementu guztietatik.