ERMUA. Pasa den ostiralean, Ermuko Udalak Zubiaurre eta VI. Mendeurrena kaleak lotzen dituen oinezkoentzako pasabidea ireki zuen jada. Obrak ez dira amaitu, alboko lorategia bezalako erremate batzuk falta baitira, baina ermuarrek pasabidea erabili dezakete dagoeneko.

Urkaregiko espaloiak jada jarraipena du, eta errepideko erreiak zabalera bera du bi noranzkoetan segurtasunean irabaziz Zubiaurre 23ko etxebizitza-eraikina, Tote etxeaz ezagutzen genuena eraitsi ondoren. Antolamenduz kanpo zegoen eraikin hori eraisteak arrapala bat eraikitzeko lekua utzi du, VI. Mendeurrena eta Zubiaurre kaleak oinez lotzeko aukera ematen duena.

Orain VI. Mendeurrena kaletik abiatuta, Zubiaurrera iristen diren bi kalexketara jaisteko aukera ematen digu arrapala berriak: bata, Xagua taberna kokatzen dena, eta bestea, Dena 100ean denda dagoena. Hiru aldapako arrapala da, pertsona guztientzat irisgarria, eta Urkaregi jatetxe ondoan zeuden eskailerak ordezten ditu.

VI. Mendeurrena kaleko urbanizazio proiektuak, gainera, espaloiaren eta aurrerago dauden terrazen egokitzapena ere hartzen ditu barne, espaloi osoak itxura bera izan dezan. Bestalde, arrapalaren ondoan geratzen diren terrazak atzeratu egingo dira hormatxo eta margotutako pletina galbanizatuen bidez estaliko dira, bertako bizilagunen intimitatea babesteko. Lan horiek hemendik aste gutxira egingo dira, Covid-19ak eragindako pandemia eta horren ondorioz aktibaturiko Alarma Estatua bertan behera uzten denean.

A-09 Zerukoa egikaritze-unitatean -merkatu txikia egiten zen gunea - etxebizitzak eta aparkalekuak eraikitzen ari den enpresa da obra horren arduradun, egikaritzen duen proiektuaren hirigintza-kargen baitan sartuta duelako.