AMOREBIETA-ETXANO. Jende guztia konfinatuta egon beharreko egun hauetan, badira beraien erasotzaileekin etxean egotera behartuta dauden indarkeria matxista sufritzen duten emakume asko. Horregatik, haiei segurtasuna eta babesa eskaintzeko, Amorebieta-Etxanoko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiak abiarazi zuen "Maskara 19" kanpainarekin bat egin du, herriko farmazien kolaborazioarekin.

Udalak Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimen honekin bat egiten du. Ekimena edozein arrazoirengatik laguntza eskatu beharra duten emakumeei zuzenduta dago eta herriko farmazietan “Maskara 19” bat eskatuz, modu seguruan egin ahal izango dute. Alarma seinale honen aurrean, farmazilariek jarduteko protokoloa martxan jarriko dute.

Horrela, biktima artatuko duen talde espezializatu batekin harremanetan jarriko dira eta, behar izanez gero, leku seguru batera eramango lukete. Seme-alabak dituzten emakumeen kasuan, amarekin batera joango lirateke. Gainera, anonimatoa bermatuko da, laguntza eskatzen duen emakumearena zein laguntza eman dion farmaziarena.

Gainera, Amorebieta-Etxanoko Udalak herritar guztiei laguntzeko eskatzen die eta, indarkeria matxista kasuren bat ezagutzen badute, Gizarte Ekintza Sailarekin harremanetan jar daitezela 94 630 01 90 telefono zenbakira deituz edo ondoko helbidera posta elektroniko bat bidaliz: ongizatea@amorebieta.eus.

EKIMEN SOLIDARIOZ BETERIKO HERRIA

Honako hau ez da Amorebieta-Etxanoko jendeak koronabirusaren krisi honetan aurrera eramandako lehenengo ekimen solidarioa. Orain dela egun pare bat, zortzi maker zornotzarrek euren 3D inprimagailuekin egindako 180 maskarila eman zizkieten Udalari, haiek kudeatzeko.