AMOREBIETA-ETXANO. Koronabirusak eragindako gizarte-krisi eta krisi ekonomiko honek norbanakoen alderik onena pizten ari da pertsona gehienetan. Egunero, hainbat eta hainbat lagunek euren lana, denbora eta materiala besteen ongizatearen zerbitzura jartzen dituzte, guztion artean birus hau geldiarazteko. Solidaritate horren eredu nabarmen dira Amorebieta-Etxanoko zortzi maker, hau da, 3D inprimagailuak erabiltzen dituzten pertsonak, zeinak euren makinekin inprimatutako 180 maskarilla Udalari eta herriko anbulatorioari eman dizkioten.

Maskarillak etxean inprimatu dituzte Unai Vargasek, Beñat Vadillok, Raúl de la Cruzek, Iker Aburtok, Gorka Goitiak, Unai Agirrek, Rober Caballerok eta Egoitz Etxandiak. Amorebieta-Etxanoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie guzti hauei, zornotzarrekiko agertu duten konpromiso, erantzukizun eta elkartasunarengatik.

Zortzi mutilek COVID-19 Coronavirus Makers komunitate birtualeko kideak dira, Espainian 15.000 kide baino gehiago dituen 3D inprimaketazaleen talde bat. Estatu osoko osasun material hornidura arazoak direla-eta, talde honek erabaki du etxeko inprimagailuekin egitea azetatozko biserak, maskarillak eta, baita arnasgailuen lehenengo prototipoak ere.

Biseren kasuan, maker bakoitzak baliozkotutako prototipoaren planoak deskargatzen ditu etxetik, eta hiru ordutan bisera oso bat eginda izan dezake. Normalean bekokitik kokotseraino doan xafla gardena PETGz eginda egoten da, ur botilak egiteko erabiltzen den materiala.

Hala ere, egoera premiazkoa izanik, maker zornotzarrek koadernaketa orriak jarri dizkiete birusarengandik babesteko. Koadernaketak orriak Amorebieta-Etxanoko Udalak ordaindu ditu baina azpimarratu beharra dago herri ekimen honek agertutako elkartasuna eta eskuzabaltasuna, ez baitute funtsik eskatu.