ERMUA. Ermuko Udalak atzo, hilak 27, konfinamenduko lehenengo bi asteen balantzea azaleratu zuen. Martxoaren 14an 463/2020 Errege Dekretua onartu zenetik, inor ezin da etxetik atera nahitaezko arrazoirik gabe. Hori dela eta, herriko Udaltzaingoak pertsona bat atxilotu du arauak ez betetzeagatik, eta 63 zigor proposamen egin ditu. Horrez gain, 387 pertsona eta 342 ibilgailu identifikatu dituzte azken bi aste hauetan.

Gomendio horiek erantzukizunez eta etsipenez betetzen ari gara pertsona gehienok, osasun publikoa bermatzeko eta gure gizartean are ondorio handiagoak saihesteko larrialdi-egoerak hala eskatzen baitu. Hala ere, oro har eta gehiengoaren jokabidea berresten duten salbuespenak egon ohi direnez, pertsona batzuk ez dira behar bezain seriotasunez hartzen ari, edo ihesbideak bilatzen dituzte, ez irteteko, kirola aire zabalean ez egiteko eta ez mugitzeko neurriak ez betetzeko. Segurtasun gorpu edo polizi nazional, autonomiko eta lokalen koordinazioa zentralizatuta duen Barne Ministerioak zorroztasuna eskatu du eta kolektibotasuna arriskuan jartzen duten jarduera ez solidarioak zigortzeko kontrolak egitea agindu du.

Betetze-maila kontrolatzeko egindako ekintzen estatistika

Ermuan Udaltzaingoa lanean ari da betetze-maila ikuskatzeko eta instrukzioa betetzeko. Lehen bi aste horietan bide publikoan zeuden 387 pertsona identifikatu ditu, haien ibilbidea eta horretarako arrazoia ezagutzeko. 342 gidari eta beste horrenbeste ibilgailu gelditu ditu joan-etorriaren beharra ezagutzeko eta baloratzeko. Eta, guzti horren ondorioz, 63 zehapen-proposamen egin ditu, Alarmari buruzko Dekretuan ezarritakoa ez dela bete detektatu duen kasuetan. Halaber, pertsona bat atxilotu du, hark egindakoa falta larritzat jotzeagatik (desobedientzia edo erresistentzia).