Martxan dira dagoeneko Zorrotzaurreko paper fabrika dagoen lursailaren ingurua urbanizatzeko lanak. Bertan kokatuko da Kuntshal Arte Irakaskuntzen eta Goi mailako Diseinu Irakaskuntzen Zentroa, besteak beste.

Era berean, lursailaren itxiturak ezarriko dira, eta zerbitzu-sareak ipini edo egokituko, eta lorategiak ere egingo dira.

E11 lursaila da, gaur egun Deustuko Erriberako 17. zenbakitik sarrera duena. Iparraldean, Zorrotzaurrean egingo den bide nagusiarekin egiten du muga, eta hegoaldean, bizitegietarako lursail pribatuekin; ekialdean, lursail libre batekin (lehenago, dagoeneko eraitsita dauden industria eraikinen arteko mehelina zen), eta, mendebaldean, lursail libre batekin.

Lursailak baditu kanpoaldean eremu batzuk eraikina inguratuz, eta programaren barruan daude haiek ere. Espazio hori bi patiok osatzen dute, multzoari plaza moduan eransten zaizkionak: haietako bat, Deustuko Erribera kaletik duen sarbidean (585 metro koadro ditu), eta bestea, iparraldeko aitzinaldearen ondoan (310 metro koadro da). Alde horretatik, lehendik dagoen sarbideko patioak han jarraituko du, dagoenetan, eta, bigarrena, berriz, uharteko bide nagusia izango denetik sartzeko eremua izango da.

Guztira 3.741,65 metro koadroko eremua da, doi bat horizontala, eta Paper-fabrikaren eraikina dago bertan, solairuan gutxi gorabehera 1.300 metro koadro betetzen dituena. Eraikin horren barrualdea 2019an egokitu zuen Udalak.

Barrualdeko obra haiekin batera, kanpoaldean ere egin ziren lan batzuk, eta orain amaiera emango zaie. Hona zer lan egin ziren kanpoaldean:

Deustuko Erribera kaletik sartzeko patioan urbanizazioa burutzea eta hormigoi inprimatuzko zoladura amaitzea.

Atzealdeko patioa urbanizatzea, harmailen, eskaileren eta arrapalen zati bat osatzea barne. Egiteko geratu ziren harmailei amaiera emateko materiala jartzea eta harmailen atzenengo ilara eraikitzea.

Eraikineko euri-uren hoditeria, dagozkion kutxatilak ere ipinita; eremuko euri-urak biltzeko hoditeriarekin lotzeko geratu zen.

Ur beltzak arazteko arazgailua, eraikinaren ekialdeko alboan.

Transformazio Elektrikoko Zentrorako aurreikusitako lurpeko hodiak ipintzea, eta dagozkion kutxatilak urbanizazioaren mailan (Zorrotzaurreko Kudeaketa Batzordearen gain doa hori).

GAUZATUKO DIREN EGIKUNEAK

Orain lizitatzen diren lanek 628.022,95 euroko aurrekontu (BEZa barne) daukate, eta 4 hilabeteko epean gauzatuko dira.

Bilboko Udalak, urbanizazio-proiektu horri ekiterakoan, eremu bakar eta jarraitutzat jotzen du Paper-fabrika inguratzen duen eremua. Hala, bada, lotu egingo dira Deustuko Erribera kaletik sartzeko patioa eta Iparraldeko aitzinaldeko patio berri zabalagotu eta irekia.

Halaber, iparraldeko patio berria doi bat beheratua egongo da Zorrotzaurreko bide nagusia izango denaren mailaren aldean, betiere lursailerako sarbideak oztopatu gabe eta eraikinaren nabe nagusia eta itsatsiak erosotasunez erabiltzeko moduan.

Iparraldeko patio berri horretan, beraz, egoteko eremu harmailaduna ere bururatuko da, eta beltzez tindatutako hormigoi armatuzko zoladura ezarriko da.

Perimetroko itxitura hormigoi armatuzko horma apal 25 cm garai batekin egingo da, eta 100 milimetroko diametroko metalezko hodi 175 cm garaiera arte zutik jarriekin egindako hesi batekin osatuko, Zorrotzaurreko eremuaren gainerako zatian bezalaxe.

Egikune honetan, orobat, kanpoaldeko argiteria ezarriko da, inguruari luminantzia maila handi bat emanez, halako moldez non eragotzi egingo diren gune ilun eta itxiak.

Hartune elektriko orokorra berritu egingo da (behin Zorrotzaurreko Batzorde Kudeatzaileak lursailean dagoen Transformazio Zentro berria egindakoan), eta osatu egingo da euri-urak husteko instalazio lehendik zegoena. Alde horretatik, bada, aurreikusita dago hustubide batzuk eta lerrozko saretak jartzea beheko aldeetako urak biltzeko. Bitartean, ekialdeko eta mendebaldeko alboak urbanizatzean, zoladura drainagarrizko zerrenda bat egingo da, euri-ur isuriak iragazteko.

Energia-hartuneak ere ipiniko dira, eta parterreak ere bai landaketekin, hegoaldeko patioan eta iparraldeko sarbidearen ondoan; gainera, eguzki-panelak ere jarriko dira, eta bideo-atezain bat ere bai iparraldeko sarbideko atean; halaber, bizikleta-aparkaleku estaliak ere jarriko dira.