Aurrera darrai Bilboko Udala urian euskararen erabilera sustatzeko ahaleginean. Oraingo honetan, Biribilko programaren edizio berri bat jarri du martxan. Programa honek merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko helburua du. Programa honetan parte hartzeko izena emateko epea zabalik dago jada.

Aurreko edizioetan legez, ekimen hau HABErekin, euskaltegi homologatuekin eta bilbaoDendak plataformarekin elkarlanean garatuko da, bai eta urian hango eta hemengo merkatarien elkarteekin ereKoldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziak eta Rafael Gardeazabal Bilbon merkataritza eta turismoa sustatzeko bilbaoDendak plataformako presidenteak ikustaldia egin diete Bilbon euskararekin konpromiso handi bat duten dendetako batzuei, zeintzuek euskaraz gauzatzen baitute beren jarduera profesionala, hala nola Gili-Gili eta Mikel Zuaza landareen, hazien eta loreen denda.

Narbaizak nabarmendu egin du zer konpromiso duen Udalak euskararen erabilera sustatzeko arlo guztietan, are merkataritzan ere, eta animatu egin ditu uriko dendak Biribilkon parte hartzera: "gure asmo nagusia da Bilbo geroz eta hiri euskaldunagoa izatea. Euskara kalera atera nahi dugu, erabil dadila, berba egin dadila, entzun dadila, eta, horretarako, merkatariek aukera izan behar dute, eta guk hala nahi dugu, beren zerbitzuak euskaraz ere eskaintzeko". Bestalde, Gardeazabalek azpimarratu du oso garrantzitsua dela merkataritza-sektoreak euskararen normalizazio-prozesuari ematen dion babesa handitzea, eta, era berean, "gure hizkuntzan artatuak izatea baloratzen duten herritarren erosketa-esperientzia hobetzea".

Biribilko programak aurreko urteetako eskaintzari eutsi dio, eta aukera bi ematen dizkie merkatariei:

  • Euskara komertzialeko oinarrizko ikastaroa: Bilboko merkatarientzat eta haietan lan egiten dutenentzat, euskaraz jakin ezean edo oso gutxi jakinez gero. Helburua da ahozko komunikazio oinarrizkoa lantzea, merkataritzan ohikoak diren egoeretarako hizkuntza-irizpideak emanez.
  • Euskara komertziala hobetzeko ikastaroa: Bilboko merkatarientzat eta haietan lan egiten dutenentzat, euskaraz zertxobait jakinez gero. Aukera honetan, helburua da merkataritzaren arloan erabiltzen den euskara hobetzea, ahozkoa nahiz idatzizkoa.

Kasu batean zein bestean, ikastaroak 90 ordu iraungo du. Eskolak astean bitan emango dira: astelehenetan eta asteazkenetan, edo astearteetan eta ostegunetan, 2021eko urritik 2022ko ekainera. Bi ordutegi eskaintzen dira, hautatzeko: 8:00etatik 9:30era, edo 14:15etik 15:45era. Biribilko programako ikastaroek Bilboko Udalaren eta HABEren dirulaguntza dute, eta 90 euroko kostua dute. Euskaltegi hauetan emango dira:

  • Bilbo Zaharra. Posta kalea, 8
  • Gabriel Aresti. Done Bikendi kalea, 2
  • Indautxuko AEK. Urkixo zumar-kalea, 88
  • Juan Mateo Zabala. Gordoniz kalea, 22
  • Lizardi AEK. Txakur kalea, 1
  • Matxintxu AEK. Ramón y Cajal etorbidea, 8
  • Santutxuko AEK. Arbidea kalea, 21
  • Ulibarri Euskaltegia. Gardoki kalea, 3

Eskoletara joanez gero, ziurtagiri bat emango zaio bakoitzari, Biribilko 2021-2022 ikastaroan parte hartu izana ziurtatzen duena (betiere, eskolen % 75era joan izana bermatu behar da). Gainera, nahi dutenei, merkataritza-arloko hiztegiak (gaztelania-euskara) emango zaizkie dohainik, jarduera arlo batzuetakoak eta besteetakoak, merkataritzan erabiltzeko berbak eta adierazpideak dauzkatenak. Era berean, doako itzulpen zerbitzua baliatu ahal izango dute (gaztelaniatik euskarara), jendaurreko merkataritza-testuak itzultzeko (kartelak), saltokietan erabili behar direnerako.

1.800 PERTSONA BAINO GEHIAGO MATRIKULATUTA 12 URTEAN

Biribilko programa 2009an jaio zen eta, harrezkero, Bilboko merkataritzaren esparruan diharduten 1.800 pertsona matrikulatu izan dira.

Parte hartzen duten merkatarien ezaugarriei dagokienez, nabarmentzekoa da haietako asko emakumeak direla, 40 eta 50 urte bitarteko adina dutenak batez beste. Gehienak pertsonentzako zerbitzuen sektorean dabiltza (ile-apaindegiak, gimnasioak, bidaia-agentziak...); ondoren, arropa, oinetako eta osagarrien edo beste produktu komertzial batzuen adarrean dabiltzanak (jostailu-dendak, loradendak, bitxi-dendak). Gainerakoak bestelakoetan sartzen dira (elikagaiak, drogeriak, botikak, altzariak eta etxerako produktuak€).

Ikastaroetan parte hartu izan duten pertsonek oso balorazio positiboa egin dute ikastaroei buruz, eta uste dute Biribilkok lagundu egiten diela herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzuen kalitatea hobetzen.

EUSKARAREN EGUNA

Bilboko Udalak bere zerbitzuak euskaraz emateko ahalegina egiten duten saltokien lana aintzatesten du. Horrela, Udalak joan den Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu zuen hiriko hainbat saltokiri egindako omenaldiarekin, hiriko kaleetan euskararen normalizazioaren alde egindako lanagatik nabarmentzen direnak.

BILBAODENDAK EUSKARARI BULTZADA

Biribilko programa sustatzeaz eta zabaltzeaz gain, bilbaoDendak merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko hainbat ekintza egiten ditu. Azpimarratzekoa da, duela 13 urtetik hona, Bilboko merkataritzak Merkataritza Sarien galan hainbat arlotan egindako lana aintzatesten duela, horietako bat Euskararen arloa izanik. Hain zuzen ere, Gili-Gili eta Plantas, Haziak eta Flores Mikel Zuazua dira Euskara Sustatzeko Konpromisoaren Saria jaso duten saltokietako bi.

bilbaoDendak "Hemengo Shopping ibilbide gidatuak" ere egiten ditu tokiko merkataritzaren alde, eta arreta berezia jartzen du bezeroak euskaraz artatzea garrantzitsua dela uste dutenengan; urtero ematen die babesa "euskararen Txanda" edo Euskaraldia ekimenei.