San Adrian auzoak badauka irekita kalisteniako elementuak dituen kirol eremu berria. Bilboko Udalak jakinarazi duenez, gune berri hau Goiko Torre kaleko pilotalekuaren atzealdearen eta berdegune baten artean kokatuta dago. Lan hauek 2021eko parte-hartze bidezko aurrekontuen barruan daude.

Eserlekuak, sareak, sokak, stepak, eraztunak eta abarrak dira gune berriko elementuetako batzuk. Horiek guztiak espazio erabilgarrira egokitu dira, azalera osoan kirola egiteko aukerak maximizatzeko. Horretarako, kalisteniako elementu lineal bat eta esekiduran indarra eta oreka entrenatzeko aukera ematen duen beste elementu osagarri bat prestatu dira.

Lehena mota guztietako ariketak egiteko diseinatuta dago, norberaren gorputzaren pisua erabiliz. Entrenamendu-egitura horrek funtsezko elementuak ditu, eta erabiltzaileak sormenez entrenatzera gonbidatzen ditu. Ezin hobea da street work out eta parkour modalitateetarako, zutabe, barra eta euste-puntu ugari baititu.

Bigarren elementua esekiduran oinarritzen da eta indarra, oreka, malgutasuna eta gorputzaren egonkortasuna lantzeko aukera ematen du. Entrenamendu-pieza aldakorrenetako bat da eta 49 ariketa baino gehiago egin daitezke. Muskulu multzo guztiak modu funtzional eta eraginkorrean entrenatzeko pentsatuta dago, erabiltzen duenaren maila edo egoera fisikoa kontuan hartu gabe.

Seinalizazioa ad hoc sortu da Bilboko Udalarentzat. Horrela, bertan agertzen diren irudiek berdintasuna adierazten dute generoari eta egoera fisikoari dagokienez.

Kirol eremuak 340 metro karratuko azalera du guztira. Bertan, lehen zegoen zoladura kendu da eta haren ordez kautxu irristagaitz eta ekologikoa duen zoladura berria jarri da, birziklatua eta birziklagarria —areka eta alboko drainadura dituena, urak biltzeko—. Horrelako zoladurarekin, erorketek eragindako lesioen arriskuak gutxitu nahi dira.

Horrez gain, alboko horman horma-irudi artistiko bat sortu da kirol-espazioari sakontasuna eta kolorea emateko, eta atzeko ezponda lehengoratu da, eta soropila ereinez eta arrastelatuz.

Udalak 105.761 euroko inbertsioa egin du obra hauetan.