BILBO. Oraindik uda hasi ez den arren, Bilboko Udalak irailean hasiko den Bilbao-Kirolaken 2020-2021 denboraldirako ikastaroetan matrikulatzeko epea irekiko du bihar, maiatzak 18, goizeko 9:00etan. Kurtsoetan izena emateko epea irailaren 8ra arte egongo da zabalik.

Usadioa den moduan, izena aldez aurretik emateko prozesu honetan, eskatzaileei zenbaki bana emango zaie, eta zozketa batean parte hartzeko eskubidea izango dute horrela: zozketa horren bidez zehaztuko da hurrenkera, Bilboko Kiroldegietan eskaintzen diren kirol modalitateetako baterako edo besterako izena emateko.

Pertsona bakoitzak zenbaki bat eskatu ahalko du kiroldegietako bakoitzerako. Zenbaki hori kiroldegietan salmenta automatikorako dauden makinetan edo webgunearen bidez eska daiteke.

Irailaren 9an egingo dira zozketak (kiroldegi bakoitzeko bat), Bilbao Kirolak-en egoitzan, eta egun horretatik aurrera aldez aurreko hitzorduak adjudikatuko dira, atera den zenbakitik aurrerako hurrenkeran. Zozketa honen emaitzak irailaren 13tik aurrera kontsultatu ahalko dira udal kiroldegietan jarriko diren zerrendetan, salmenta automatikoko makinetan eta webgunean.

Zozketaren ondorioz familia-unitate batean bata bestearen osteko hitzorduak dituzten kideei ez bazaizkie aldez aurreko hitzorduak bata bestearen ostean egokitzen, orduan lehenengo hitzordua hartu eta gainerako kideei hurrenez hurrenekoak emango zaizkie.

Aldez aurreko hitzorduaren bidez, eguna eta ordua gordetzen dira eskainitako ikastaroetan izena eman ahal izateko, baina horrek ez du bermatzen ikastaroetan lekurik izango denik.

Irailaren 16tik aurrera hasiko dira kiroldegietako izen-emateak, kiroldegi bakoitzeko salmenta automatikoko makinetan eta webgunean. Abonatu bakoitzak izena eman ahalko du adjudikatzen zaion hitzorduaren egunetik eta ordutik aurrera.

Aldez aurreko hitzordurik ez duten abonatuek irailaren 24tik aurrera izango dute aukera bete barik geratu diren lekuetarako izena emateko, eta abonatuek ez direnek, berriz, irailaren 26tik aurrera.