BILBO. Modalitate guztietako ekintzaz beteriko egitarauarekin agurtuko du apirila #BilbaoUdaberria2021 programak. Zinema, topaketa literarioak eta erakusketak izango dira protagonista nagusiak datorren astelehenetik, apirilak 26, maiatzaren 2ra arte.

Programazioa, apirilaren 26tik maiatzaren 2ra:

01. BARRUTIA

SAN INAZIO - IBARREKOLANDA UDALTEGIA

  • Expodistrito (apirilaren 27tik aurrera)

Expodistrito programak San Inazio Udaltegira dakar Bizargorrie artistaren "Pertsonak. Lekuak. Uneak" argazki-erakusketa. Argazki sorta horrek ibilaldi bat eskaintzen digu oso ezberdinak diren hamar herrialdetan barrena, une, jarrera eta espazio bereziak atzematen saiatuz. "Ez da perfekzio teknikoa lortu nahi dena, iheskortasunen isla baizik; egoera paregabeak, non, aldi berean, pertsona guztiok senti dezakegun geure burua". Sarrera doakoa da.

04. BARRUTIA

BEGOÑAKO UDALTEGIA

  • Expodistrito (apirilaren 27tik aurrera)

Expodistrito programak Begoñako Udaltegira ekarriko du "Entropía", Jakue Barea artistaren pintura-proposamena. "Entropia" da sistema batek ordena galtzeko duen joera berezkoa. "Alta, nahiz eta guztiak duen joera ziurgabetasun-egoera batera lerratzeko, beti geratzen da leku bat edertasunerako". Sarrera librea da.

05. BARRUTIA

BIDEBARRIETAKO LIBURUTEGIA

Bidebarrieta Kulturgunea. Bidebarrieta Kulturguneko Ekitaldi Aretoa astero bihurtzen da kulturari eskainitako gune, Bidebarrietako Liburutegiaren barruan. Honako hitzordu hauek daude programatuak datorren astean:

  • Apirilak 26, 19:00etan. Asteari ekiteko, Eider Hurtado eta Ana Pardo de Vera egileen "La armadura del Rey" ("Erregearen armadura") liburuaren aurkezpena egingo da Bidebarrieta Kulturgunean. Egileekin batera egongo da Blanca Rosa Rosa, Roca Editorial argitaletxeko editorea.
  • Apirilak 28, 19:00etan. Elisa Beni idazlea Bidebarrieta Kulturgunera etorriko da, bere azken liburua aurkeztera: "Una mujer no muere jamás" ("Emakume bat ez da inoiz hiltzen") lanaren bidez, egileak gerraosteko Madril frankistara daramatza irakurleak; sekretuz beteriko istorio batean, emakumeen rola aldarrikatzen du Estatuko historia hurbileko garairik gorabeheratsuenean.
  • Apirilak 29, 19:00etan. "Matematika eguneroko bizitzan" zikloak hitzordu berri bat izango du Bidebarrietako publikoarekin; Marina Logares Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Algebra, Geometria eta Topologia Departamentuko irakasleak emango du hitzaldia, "Y todo empezó midiendo" ("Eta neurtuz hasi zen dena") izenburupean. Geometria egongo da hitzaldiaren erdigunean.

Hiru hitzordu horiek sarrera librea izango dute, edukiera bete arte; nolanahi ere, ezinbestekoa da doako gonbidapen bat eskuratzea aurrez. Streaming bidez ere jarraitu ahal izango da, webgune honetan.

06. BARRUTIA

AZKUNA ZENTROA

  • FANT (apirilak 29, 19:00etan)

FANT - Bilboko Zinemaldi Fantastikoak, PREFANT zikloari agur esateko, Hideo Nakata zuzendariaren "The Ring" (1998) beldurrezko film klasikoaren emanaldi berezia eskainiko du. Japoniako herri txiki eta baketsu batean gertatzen da; kondaira bat dabil hango ikasleen artean: bideo madarikatu batzuk ikusiz gero, hil egiten zara. Tomoko iloba hil ondoren, Reiko izeneko kazetari batek bideo horien jatorria ikertuko du. Sarrera doakoa izango da gonbidapenarekin; gehienez, 2 sarrera pertsona bakoitzeko. Egun berean (osteguna, apirilak 29) jaso ahal izango dira sarrerak, 16:00etatik aurrera, Gólem-Alhóndiga zinema-aretoetako leihatilan.

BERTENDONA INSTITUTUA

Poltsiko Musika (apirilak 30, 18:30ean).

Apirilaren 30ean, ostiralean, Poltsiko musika programak, bere XVI. edizioari agur esateko, Urbanetniko Trío taldearen kontzertua eskainiko du, Blas Fernández bateria-jotzailearen lehen lana, hain zuzen. Jazzaren eta musika-estilo ugariren -hala nola rock, funk, world music eta latin estiloak- arteko elkarrizketa bat da. Musika-estiloen amalgama horrek izaera irekia eta globala ematen dio taldearen musikari, eta norabide guztietan hedatzen da eta beti dago irekita eragin berrietara. José Luis Canal piano-jotzaileak eta Raúl Vera gitarra-jotzaileak osatzen dute taldea. Sarrerek 5 euroko prezioa izango dute eta salgai daude www.bilbaokultura.eus webgunean. Sarrera kopuru txiki bat gordeko da leihatilan saltzeko (17:30etik aurrera).

ABANDO-BARRAINKUA UDALTEGIA

Expodistrito (apirilaren 27tik aurrera)

Abandoko Udaltegiak apirilaren 27tik aurrera hartuko du Blanca Basabe artistaren proposamen plastikoa Expodistrito programaren barruan. Proposamena musikaren eta kolorearen arteko elkarrizketan ardazten da, betiere kontsonantzia bilatuz bere akuareletan, eta, haien bidez, ikuslearengan eragin ditzaketen sentsazioetan. Kromatismo oinarrizko batetik abiatuta, jatorrizko soinuaren, inpaktuaren, irudikapena bilatzen du, eta hortik aberastasun kromatikoz betetako unibertso musikal bateranzko bilakaera gauzatzen du, ondoren sinplifikaziorik handiena eta akorderik dramatikoenak aurkitzeko berriro ere. Doakoa da sarrera.