BILBO. Bilboko Udalak 105.421,84 euroko aurrekontua bideratu du amaitu berri diren Txomin Garat etorbideko tunela eta ingurua txukuntzeko lanak egiteko. Jarduketa hau bi hilabetetan gauzatu dute, eta dagoeneko bukatuta dago. Orain espazioa guztiz eraberrituta dago, eta aisialdirako bi eremu berri sortu dituzte.

Batetik, umeentzako rokodromo bat jarri dute, kirol-eskaladako egitura artifizialekin. Hor babes-materiala ipini dute, koltxoneta bereziak eta inpaktua xurgatzeko gainazalak, haurren segurtasuna bermatzeko.

Bestetik, entrenamendu-eremu bat jarri da, hau da, fitness elementu bat -erresistentzia handiko egitura metalikoz egina-, kautxu pikortsuko lurzoruaren gainean.

Eremu osoak jarraikortasuna du tuneleko sarbideen eta instalazio berrien artean; izan ere, horma-irudi artistiko bat jarri dute hor, jolas-eremuaren diseinuarekin bat datorrena.

Gainera, tunel barruko argiteria indartzeko luminaria berriak instalatu eta euri-ura hobeto biltzeko, hustubide berriak jarri dituzte, putzurik ez sortzeko.

AUZOKIDE PLANA

Txomin Garat etorbideko tunelaren inguruko lanak auzoak hobetzeko Auzokide Planean sartzen dira. Herritarrek parte hartzeko tresnarik garrantzitsuenetako bat da, Bilboko Udalak bere esku dituenen artean, eta, horri esker, herritarrek, eragile politiko eta sozialek Bilboko barrutietako kontseiluen bidez lehenetsitako hobekuntza-lanak eta -jarduerak gauzatzen dira.

Planaren aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8 barrutien artean, hau da, 1,5 milioi euro barrutiko eta urteko.