BILBO. Etxeko hondakinen bilketa-zerbitzu berria ezarriko du Udalak Bilboko Zazpi Kaleetan, arlo honetan egindako berrantolaketaren barruan. Besteak beste, edukiontzi gehiago jarriko dira, eta etxeko eta merkataritzako bilketa-zerbitzuen ordutegia bateratuko dira.

Orain arte, 51 edukiontzi egon dira Zazpi Kaleetan. Eskaintza txikia, uriko beste auzo batzuetakoaren aldean, eta, batez ere, ingurunearen orografiak baldintzatua: kale estuak, merkataritza-dentsitate handia, erakusleihoak fatxada guztietan...

Gainera, jarrita zeuden edukiontzien tamainak (alboko kargakoak) zaildu egiten zituen bilketa-ibilgailuen -beso artikulatuak- joan-etorriak. Hori dela eta, beharrezkoa zen ibilgailu gehigarri bat laguntzeko, hain zuzen ere, oinezkoentzako guneko edukiontziak Zazpi Kaleak inguratzen dituzten bideetara ateratzeko, hauetara bai sartu daitezkeelako bilketa-zerbitzuko kamioi handiagoak.

Horiek horrela, Zazpi Kaleetako hondakinen bilketa sistema biren arabera antolatu izan da:

  • Merkataritzako eta ostalaritzako lokaletako bilketa, atzetik kargatzeko edukiontziak erabilita. Egunean birritan, eta goizean zein arratsaldean hainbat bider pasatzen izan da.
  • Etxeko bilketa-zerbitzua, albotik kargatzeko edukiontziak erabilita. Egunean behin egiten da: 20:00etatik 01:00etara bitartean, auzoko kaleen erdian; eta 04:30etik 07:30era bitartean, gainerako kaleetan.

EDUKIONTZI BERRIAK ETA BILKETA-ZERBITZU BATERATUA

Atzo hasita, atzeko kargako edukiontzi berriak jartzen ari dira Alde Zaharreko barruko kaleetan, eta datorren igandea baino lehen amaituko dute, Gabonetarako erabilgarri egon daitezen; izan ere, egun horietan nabarmen handitzen da hondakinen kopurua, kontsumo handiagoak eraginda.

Alde batetik 37 edukiontzi berri jarriko dira, eta, hortaz, gaur egun 51 edukiontzi badaude (1 olioa batzeko, 3 beira, 5 organikoa, 4 kartoia, 10 ontzi arinak eta 28 errefusa biltzeko) berriak jarri ondoren 88 unitate egongo dira: 1 olioarena, 15 beirarena, 13 organikoarena, 15 kartoiarena, 16 ontziarena eta 28 errefusarena. Hondakin-mota anitzeko irletan unitate berri horiek ezartzean, auzoan edukiontziak % 73 handitzeaz gain, nabarmen areagotzen da herritarrek materia organikoaren, kartoiaren eta beiraren zatiak birziklatzeko duten ahala.

Bestetik, auzoko barruko kaleetan lehendik zeuden edukiontzi gehienak unitate berri horiekin ordezkatuko dira. Edukiontzi berri horiek diseinu berritzailea dute, eta inguruaren ezaugarriekin bat datoz.

Gainera, edukiontzien tipologia berri horrek -alboko kargaren ordez atzeko karga- aukera ematen du etxeko bilketa antolatzeko Alde Zaharraren barnean, egungo atzeko kargako kamioiak erabiliz, eta aukera ematen du etxeko bilketa bateratzeko zirkuitu komertzialerako erabilitako ordu-tartean. 08:00etatik 22:30etara bitartean.

SISTEMA BERRIAREN HELBURUAK

Etxez etxeko bilketa-sistema berri horri esker, aurrera egin ahal izango da Bilboko Udaleko Zerbitzuen eta Bizi Kalitatearen Saileko funtsezko hiru helburutan.

Lehenik eta behin, nabarmen murriztuko da gaueko zarata; izan ere, edukiontziak Zazpi Kaleetako kanpoko bideetara eraman eta berriro lekuan jartzen dituen ibilgailua ez da beharrezkoa izango. Ondorioz, zaratarik gabeko tartea luzeagoa izango da bizilagunentzat.

Gainera, edukiontzi gehiago eta hondakin-mota anitzeko irlak jarrita -unitate berri guztiak hondakinak jatorrian bereiztera bideratuta daude - birziklatze-tasa hobetu nahi da Zazpi Kaleetan.

Eta, azkenik, eta ondorioz, Zazpi Kaleetako kaleetan eta kantoietan utzitako etxeetako hondakinak murriztea lortuko da; izan ere, egoiliarrek distantzia askoz txikiagoa egin beharko dute hondakinak botatzeko.

INFOBILBAO

Udalak InfoBilbao bat argitaratu du, Zazpi Kaleetan etxeko hondakinak biltzeko sistema berria abian jarri dela jakinarazteko. 4.200 ale argitaratuta, liburuxka auzoko bizilagunen artean banatuko da datozen egunotan.