BILBO. Bihar, abenduak 3, osteguna, martxan jarriko da Bilbo Balioen Hiria sariketaren hirugarren edizioan parte hartzeko izena emateko epea. Sari hauen helburua Bilboko Balioen Agiria sustatzen lan egiten duten pertsonen eta entitateen lana goraipatzea da. Izena emateko epea urtarrilaren 20an itxiko da.

Sari hauetan hiru kategoria daude, eta bakoitzean 3.300 euroko sari bat emango da, eta saritutako ekimenarekin zerikusia duten helburuetarako baliatu beharko da. Honako hauek dira kategoriak:

  • Bilboko elkarteek eta irabazi asmorik gabeko entitateek garatutako proiektuak; Elkarteen Udal Erregistroan izena emanda egon behar dute.
  • Bilboko ikastetxeek garatutako proiektuak; Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilerreko eta erdi-mailako graduko ikasleek parte hartu badute proiektuan.
  • Bilboko enpresek, saltokiek, ostalaritzak, lanbide elkargoek edo antzeko entitateek garatutako proiektuetarako sariak: Bilbon egon behar dute kokatuta.

Sariketan parte hartzeko interesa duten entitateek memoria tekniko bat aurkeztu behar dute, honako hauek azalduz: zeintzuk diren proiektuaren helburuak, zein baliorekin duten zerikusia, zer jarduera garatu diren eta zein pertsonek edo taldek parte hartu duten, zein lekutan garatu den ekimena eta zein den emaitzen ebaluazioa, besteak beste. Gainera, egindako jarduerei buruzko ikus-entzunezkoak ere aurkez daitezke.

Ekimenak amaituta edota oso aurreratuta egongo dira eta hortaz, ez dira onartuko hasi gabe dauden proposamenak edo ideia hutsa direnak.

Edizio honetan berrikuntza gisa, proiektu guztiek izan behar dituzte genero ikuspegiarekin eta hizkuntza sexismorik gabe erabiltzearekin zerikusia duten alderdiak; gainera, zehatzak izan behar dute, eta ikastetxe, enpresa eta elkarteen eguneroko jardueraz harago joan behar dute. Gainera, lehiaketan parte hartzen dutenek Bilboko Balioen Gutunari atxikiak egon behar dute.

Dokumentazio guztia bihar, osteguna, abenduak 3, hasi eta hilaren 20ra arte aurkeztu ahal izango da, eta posta elektronikoz helarazi beharko da participación@bilbao.eus helbidera, edo udal erregistroan bertan aurkeztu.

Nahitaezko dokumentuak aurkeztea errazteko, eskabide eredu bat prestatu da, eta www.bilbao.eus webgunean dago eskura.

EPAIMAHAIA

Epaimahaiko burua alkatea izango da, baina Herritarren Arretako eta Partaidetzako Zinegotziaren gain utz dezake hark eginkizun hori. Gainera, epaimahaiak 5 kide izango ditu: Herritarren arretako eta Partaidetzako ordezkari bat; beste bat Berdintasun Sailekoa, eta hirugarrena Euskara eta Hezkuntza Sailekoa; beste bi Hiri Kontseilukoak.

Epaimahaiak, sarituak aukeratzeko, kontuan hartuko ditu faktore hauek: ekimenaren helburuak eta horiek Balioen Agiriarekin duten lotura; proiektuaren sormena, originaltasuna eta izaera berritzailea; partaide-kopurua eta belaunaldien arteko izaera. Gainera, egungo egoera honetan, epaimahaiak baloratu egingo du ekimenek covid-19ak eragindako egoerarekin duten erlazioa.

Bi edizio hauetan, guztira 104 proiektu aurkeztu dira. Lehenengo edizioan, Askabideren "Mari Makeda" ekimena, Artagan ikastetxearen "Conéctate" proiektua eta de IMQ IGURCOren ideia, "Soñando Zorrozgoiti", izan ziren sarituak. Bigarren edizioko sariak joan den azaroaren 11n entregatu ziren, eta ekimen hauek izan ziren irabazleak: "Bilbao Klub Bereziak" ekimena, Unión Deportiva La Merced eta Artxandako Mertxetarrak futbol taldeena; "Otxarkoaga Modern Art Festival", Otxarkoagako Lanbide Eskolarena, eta "Biscay Bay Startup Campus. BBSC", Start Up Campus entitatearena. Gainera, bi aipamen berezi ere izan ziren, Bilboko Udaleko bi langilerentzat: Sonia Polo eta Sabina Melchor, beren sentikortasunarengatik eta urteetan garatu zuten lan altruistarengatik, ume baten senideak aurkitu baitzituzten azkenean, 1939an bost urte zituela aita eta ama Espainiako gerra zibilean galdurik Belgikara alde egin behar izan baitzuen.

BILBO BALIOEN HIRIA

"Balioen Hiria Sariak" Bilboko Balioen Hiria proiektuaren barruan datoz, eta Bilbao Balioen Hiria parte hartze bidezko ekimen bat da, Bilboko Udalak sustatua, baina, hasiera-hasieratik, herritarren elkarlanarekin eraikia eta garatua. Bilbao Balioen Hiria proiektuaren helburua da uria ezaguna eta aitortua izatea ez bakarrik birgaikuntza, berreskuratze eta eraldaketa ekonomikoagatik, baita beraren balioengatik ere. Helburua da gune bat sortzea, erakundeen, era guztietako entitateen, enpresen, hedabideen, talde politikoen eta herritarren artean analisia egiteko, hitz egiteko, hausnartzeko eta lankidetzarako.

Balioen Agiriari atxiki nahi zaizkion pertsona edo erakunde guztiek nahikoa dute Udalaren webgunean edo Bilbao Balioen Hiriaren webgunean eskura daitekeen inprimaki erraz bat betetzea.

Agiriarekin bat egiten dutenek agiriaren edukiaren eta muinarekin bat datozen jarrerak eta jokabideak izateko eta sustatzeko konpromisoa hartzen dute. Agirian jasota daude bilbotarren ustez Uriko elkarbizitzaren ardatz izan behar duten 17 balioak: Giza Eskubideen errespetua, justizia soziala, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna, elkartasuna, dibertsitatea eta inklusioa, konpromisoa, ingurumen arloko jasangarritasuna, elkarbizitza, identitatea, ahalegina, erantzunkidetasun, partaidetza, konfiantza, sormena, zintzotasuna, ilusioa eta osasuna.