BILBO. Koronabirusaren pandemiak eragindako eragozpenak arren, harrera bikaina izan du aurten bere lehenengo edizioa ospatuko duen VillaSoundBilbao musika jaialdian parte hartzeko deialdiak. Behin izena emateko epea amaituta, 16 eta 30 urte bitarteko Euskadi eta Nafarroako 106 talde eta bakarlari inskribatu egin dira.

Horietatik guztietarik 70 inskripzio Bizkaitik datoz (guztien % 66), Gipuzkoatik 18 (% 17), Nafarroatik 11 (% 10) eta Arabatik 7 (% 7). Taldeak osatzen dituzten 351 pertsonetatik % 11,68 emakumeak dira (41); horietatik 6 emakumeek soilik osatutako taldeetan daude, eta 29 talde mistoetan. Kideen batez besteko adina 25,38 urtekoa da.

Gaztelania da hizkuntza nagusia (% 43), eta atzetik, euskara eta ingelesa ia berdinduta daude (% 27 eta % 30, hurrenez hurren).

VILLASOUNDBILBAO JAIALDIAREN GARAPENA

2021eko apirilean, VillaSoundBilbao jaialdiaren barruan, 4 kontzertu egingo dira Bilborocken. Horretarako, epaimahai profesional batek izena eman duten 106 talde eta/edo bakarlarien artean 12 aukeratuko ditu. Urtarrilaren lehenengo hamabostaldian jakinaraziko dituzte aukeratutako taldeak. Kontzertu bakoitzean aukeratutako 3 talde eta talde gonbidatu bat arituko dira. Kontzertuak doakoak eta sarrera librekoak izango dira, lekua bete arte.

Bilborocken kontzertuen ondoren, 6 talde VSB Mentoring prestakuntza-programa batean parte hartzeko aukeratuko dituzte. Laguntza-programa hori 2021eko maiatzetik urrira bitartean garatuko da, eta hautatutako talde edo bakarlarien beharretara egokituko da. Programa horren helburua da bandak bultzatzea, beren jarduera profesionalizatu ahal izateko tresnak eta aholkularitza espezializatua emanez.

Profesionalek emango dute prestakuntza hori, eta hainbat gai jorratuko dituzte: sare sozialetan edukiak ekoiztea, ekoizpen teknikoa, zuzeneko interpretazioa hobetzea eta optimizatzea, jabetza intelektuala edo eskubideen kudeaketa eta sustapena, kontzertuak, birak eta enpresa sustatzaileekiko harremanak.

2021eko maiatzean, VillaSoundBilbao jaialdiaren esparruan, hainbat kontzertu programatuko dira uriko hainbat gunetan. Gazteen musika-panoraman gora egiten ari diren 10 taldek beren sorkuntzak erakutsiko dituzte, emakumeen presentzia duten talde gazteen protagonismo sendoarekin eta musika-estilo anitzekin. Musika-sektoreko profesional-talde batek aukeratuko ditu taldeak. Profesionalen taldeak programa bat osatuko dute, une horretan nabarmentzen ari diren proposamen musikal askotarikoak eta heterogeneoak eta sortzen ari direnak bateratuko dituena, eta Bilboko publikoarentzat erakargarria izango dena.

Programa VSB Tourrarekin amaituko da, 2021ean. VSB Mentoring prestakuntzako eta lagun egiteko aldiaren ondoren, parte hartuko duten sei taldeetako bat Estatuko hiri batzuetan jotzeko aukeratuko dute. Lau kontzertuko bira izango da eta 2021eko azken hiruhilekoan gauzatuko da. Helburuak dira banden proiekzioa bultzatzea, beste leku batzuetako banda gazteekin sinergiak sortzea eta pertsonen talentua Bilbotik kanpo proiektatzea.

Jaialdiaren barruan VSB Talk jardunaldi irekiak eta doakoak egingo dira, Bilborock-en. Horietan, profesionalek musikaren sektorean gazteentzat interesgarriak eta garrantzitsuak diren gaiak jorratuko dituzte. "Musikaren etorkizuna: zuzenekoaren eta sarearen artean" izenburupean, honako gai hauek jorratuko dira: zuzendarien garrantzia, musikaren negozioa, zuzenekoaren esperientzia streaming bidezko kontzertuekin ordezkatzeko aukera eta sektoreak dituen erronkak. 2021ean garatuko dira.