BILBO. Bilboko Udalak martxan jarri du Gabongune eta Gabonkide programen edizio berria. Programa biek uriko umeentzako bideratutako aisialdi-jarduerak antolatuko dituzte Gabonetako oporretan zehar. Izena emateko epea azaroaren 23an irekiko da, astelehena, eta 26ra arte iraungo du zabalik.

Gabongune programa 3 eta 8 urte bitarteko umeentzat da, eta Gabonkide 9 eta 11 bitartekoentzat. Bilboko Udalak umeentzat proposatzen dituen jarduerak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira. Hezkuntza ez-formala lantzeko espazio bat eskaintzea da xedea, aisialdiko jarduerekin olgatzeko aukera emanez.

Programa hauen bidez, Bilboko Udalak lana eta familia-bizimodua kontziliatzeko era bat eskaintzen du, eta umeei aukera ematen die trebetasun eta joko berriak ezagutzeko eta euren inguruneko beste adingabe batzuekin harremanak egiteko, betiere osasuneko segurtasun-neurriak betez.

Aurre-inskripzioa Bilboko Udalaren webgunean egin daiteke, edo udalaren informazio-telefonoan: 010 / 944 010 010.

EPEAK

Plazen zozketa azaroaren 27an, barikua, egingo da, Gazteria eta Kirol Sailaren egoitzan. Halere, zozketa ez da jendaurrean egingo, une honetan bete behar diren higiene- eta osasun-neurrien ondorioz. Zozketaren emaitza egun berean, hilaren 27an, begiratu ahalko da, arratsaldez, aurre-inskripzioa egiten den leku berberetan: www.bilbao.eus eta 010/94 4 010 010.

Programetan plaza suertatu zaien familiek azaroaren 30etik abenduaren 4ra arte (barikua) eman dezakete izena. Izena ematearekin batera, adierazi duten emailera bidaliko zaien kontu zenbakian sartu beharko dute dirua.

Itxaron-zerrendan geldituz gero, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol Sailaren Umeen Gaietarako Zerbitzuak joko du interesatuengana, itxaron-zerrendaren hurrenkerari jarraituz.

2020KO GABONETAKO NOBEDADEAK

Aurtengo berritasunetako bat da 2016 eta 2017 urteen artean jaio direnek Gabongune programan parte hartu ahalko dutela. Hala, 3 eta 8 urteko haurrek programa honetan parte hartu ahalko dute (hau da, 2012 eta 2017. urteen artean jaio direnak).

Gabonkide programa une honetan lehen hezkuntzako 4, 5 eta 6. mailetan dauden adingabeentzat da (2009 eta 2011. urteen artean jaiotakoentzat alegia).

Programa hauen beste nobedadea da egun solteetarako eman daitekeela izena (gehienez 4 egunetarako), edo aste osoetarako (4 egunekoa bakoitza). Bi programa horiek abenduaren 28aren eta urtarrilaren 8aren arteko lan-egunetan egingo dira. Horrela, eskolako opor-egun guztiak estali gura ditugu, laneko eta familiako denbora kontziliatuz.

Programa hauek garatzean, indarrean dauden higiene- eta osasun-neurri guztiak beteko dira. Hartara, programatutako jarduerarik gehienak espazio irekietan egingo dira: Europa parkea, Areatza, Kasilda Iturrizar parkea eta Olabeagako pasealekua, besteak beste.

Osasun-egoerak hala eskatzen badu, programak aldatu edota eten ahal izango dira.

Programak Deustuko, Castañoseko, Otxarkoagako, Begoñako, Alde Zaharreko, Abandoko, Iralako, Basurtuko eta Zorrotzako udaltegietan egingo dira, 9:00etatik 14:00etara.

Hauek dira programen prezioak, bi asteetako baterako: 16,40 euro, arrunta; 12,30 euro familia ugarientzat; eta 6 euro Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen dutenentzat. Familiak egun solteak aukeratzen baditu (gehienez 4 egun), prezioa 6 eurokoa izango da egun bakoitzeko.