BILBO. Bilboko hiriak parte hartuko du gaur, hilak 5, hasi eta urriaren 22ra arte iraungo duen Eskualdeen eta Hirien 2020ko Europar Astean. Egun horietan zehar Europako hainbat hirik 457 ekintza telematiko abiaraziko dituzte.

Ohiane Agirregoitia Herritarren Arretako, Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako zinegotziak, gaur eguerdian, saio batean parte hartuko du, aztertuz zeinen egiteko funtsezkoa betetzen duten tokiko gobernuek 2030 Agenda egikaritzeko orduan eta nola agertu behar zaien ezagutza agenda hori garatzeko egiten duten ekarpenarengatik. Topaketa horretan, Bilbok ez ezik, Bristol, Bordele eta beste hiri batzuek ere parte hartuko dute, eta Famsi, Platforma, Felcos, Fiiapp eta beste elkarte batzuek ere bai.

Urriaren 8an, eguenean, Agirregoitia berriz ere izango da hizlari beste jardunaldi batean, Bristol, Bolonia eta Eurocitiesekin batera. Topaketa horrek balioko du hirien artean jardun-moldeen truke bat sustatzeko, elkarte berriak eratzeko eta agerian jartzeko zeintzuk diren hurrengo aukerak GJHak lasterrago egikaritzeko.

Bi saio horietan, Agirregoitia zinegotziak hainbat proiektu azalduko ditu, hala nola Bilbo Balioen Hiria, Parte Hartze bidezko Aurrekontuak, Bilbo Gazte Balioak Martxan, Bilbo 2050 Ingurumen Estrategia, Bilbo Gazte Plana, Bilbo Adinekoekin Adiskidetsua den Hiria, Bilbo Umeekin Adiskidetsua den Hiria, Lankidetzako 2016-2020 Gida Plana eta Berdintasun Plana.

Azkenik, Bilboko Udalak beste hirugarren saio batean parte hartuko du, urriaren 13an. Orobat parte hartuko du Ane Miren Ibañez BilbaoTIK-eko zuzendariak, Bilbo ordezkatuz Europar Batasunaren Join, Boost, Sustain adierazpena sinatu duen hiri moduan, alegia, hirien eraldaketa digitala eragiteko adierazpena.

EUROCITIES

Eurocities hirien europar sare bat da, non 130 hirik baino gehiagok parte hartzen baitute; EBren barruan tokiko interesak sendotzea du xede, eta bera da nazioarteko sare bakarra europar hiriak ordezkatzen dituena unitate politiko baten moduan EBren aurrean eta, aldi beran, hirien interes teknikoen berri jasotzen duena. Bilbo, gainera, eskubide osoko kidea da Eurocitiesen, duela 20 urte baino gehiagotik hona.