BILBO. Bilboko Udalak 362.785 euroko aurrekontua bideratuko du Santutxuko Aranbarri musikariaren plaza oso-osorik berritzeko. Aste honetan hasi dira lanak, eta sei hilabeteko epean amaitzea dago aurreikusita. Santutxun paseatzeko eta aisialdirako erabiltzen den egonleku hau auzoko lekurik esanguratsuenetariko bat da, eta obrak amaitu eta gero erabat eraberrituta geratuko da.

Aurelio Arteta margolariaren kalearen eta Luis Luciano Bonaparte kalearen artean dago kokatuta Aranbarri musikariaren plaza; bi plataformak eratzen dute, zeinak eskailera batek lotzen baititu, eta ezponda batek bereizten, hainbat zuhaitz eta zuhamuxka dituela. Koten arteko alderik handiena hiru metro ingurukoa da. Goialdeko plataforman badira hiru landareontzi handi, 50 zentimetro garai, eremuaren zatirik handiena hartzen dutenak. Beheko aldeko plataforman, hormigoizko 10 eserleku daude. Plataforma bietan daude, bestalde, ostalaritzako tegi batzuk.

Urbanizazio berrian, beharrezkoa izango da bi plataformak bertan uztea, inguruko eraikinetarako sarbidea izan dadin. Koten arteko aldea gainditzeko, bestalde, hormigoizko horma bat egingo da bien artean. Goiko aldeko plataforman, parterre bat egingo da, eta gainerakoa egoteko lekua izango da.

Beheko aldeko plataforman, umeen olgetarako leku bat ipiniko da, hainbat alturatan, koten arteko aldea baliatuz; halaber, parterre bat ipiniko da, “L” formakoa, Luis Luciano Bonaparte kaletik hurbilen dagoen inguruan. Horrez gain, egoteko leku bat ere izango da, eserlekuekin. Barandak aldatu egingo dira, eta argiteria berritu egingo da.