BILBO. Bihar, hilak 4, osteguna, Bilboko Udalak airearen kalitatea eta osasuna aztergai dituen informazio eta prestakuntza web-mintegi batean hartuko du parte. Udalaren alkateorde eta Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotzi den Alfonso Gil izango da Pneumologia eta Torax kirurgiaren Espainiar Sozietateak (SEPAR) antolatutako mintegi honetan Bilbo ordezkatuko duenak.

Web-mintegia informazioaren arloko profesionalentzat da, eta xedea du informazio eta prestakuntza berariazkoa eskaintzea airearen kalitatearekin eta klima aldaketarekin zerikusia duten gai guztiez eta haiek arnas osasunari dakarzkioten eraginez.

Alfonso Gilek parte hartuko du Bilboko Udalaren ordezkari gisa web-mintegiaren barruan antolatutako mahai-inguruetako batean, Marta Muñoz Cuesta Trantsizio Ekologikorako eta Demografiaren Desafiorako Ministerioko Aire Garbiaren eta Industria Jasangarritasunaren arloko zuzendariorde nagusiarekin eta Pilar Aparicio Azcárraga Osasun Ministerioko Osasun Publikoko, Kalitateko eta Berrikuntzako zuzendari nagusiarekin batera.

Ingurumen kutsadurak 10.000 heriotza eragiten ditu urtean Espainian. Gaixotasun anitzen arrisku faktore nabarmen bat ez ezik, heriotza horien zuzeneko eragilea ere bada. Arnas aparatuari erasotzen diote zuzen-zuzenean ingurumena kutsatzen duten gai nagusiek. Osasun arazo larri hori kontrolatzeko, ezinbestekoa da eragin anitzeko neurriak ezartzea, gizartearen maila guztiei eragiten dietenak, gizarte zibilari nahiz bakoitzaren oharmenari, eta ezinbestekoa da orobat arauak onetsi beharra eta osasunari dagozkion erabaki politikoak hartu beharra.