BILBO. Gaur goizean, hilak 19, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok buru den eta modu telematikoan ospatu den Batzar Nagusian Mercabilbaoren 2019ko jardueraren balantzea aurkeztu egin da. Pasa den urtean 253.735 tona merkaturatu zituen guztira Mercabilbaok, merkaturatze bolumenari eutsiz.

Sektoreka, fruten eta barazkien salmentak gora egiten jarraitzen du, eta 227.529 tonako merkaturatze bolumena lortu du, aurreko ekitaldean baino %1 gehiago. Frutetan, laranjaren (35.176 tona), platanoaren (25.039 tona) eta sagarraren (21.105 tona) salmenta nabarmendu zen. Barazkietan berriz, patataren (15.881 tona), tomatearen (16.059 tona) eta tipularen (5.068) salmenta nabarmendu zen. Iaz merkaturatutako fruta eta barazkietatik, gehienak estatuan zuten jatorria (%86 inguru), eta gainerakoak inportatuak izan ziren.

Bestalde, arrainen, itsaskien eta itsasoko produktu izoztuen merkatuak, guztira 24.355 tona batu zituen, hau da, 2018an baino %4,32 gutxiago. Atzerakada honen arrazoia arrain freskoaren eta izoztuaren merkaturatzeak behera egin duela da. Horrez gain, herritarren erosteko eta kontsumitzeko ohiturak ere aldatu egin dira.

Itsaskiaren komertzializazioak berriz, apur bat gora egin du iazkoarekin alderatuta. Aipatzekoa da, Bizkaiko Golkoko portuak arrain freskoaren hornitzaile nagusiak direla oraindik, eta atzetik, Galizia dator. Galiziako portuak dira itsaski gehien hornitzen dutenak.

Fruten eta barazkien, arrainaren, itsaskien eta itsasoko produktu izoztuen sektoreetako prezioek aurreko urteetakoen antzera jarraitzen dute.

Elikadura orokorreko produktuak, arrautzak, haragiak, esnekiak eta elikadura oro har, biltzen dituen balio anitzeko sektoreari dagokionez, 1.851 tona bildu zituen, aurreko urteetako kopuruak nabarmen jaitsiz, banaketa-lanak egiten dituzten biltegi batzuen jarduera aldaketaren ondorioz, batez ere.

Mercabilbao modu formalean sortu zenetik 50 urte baino gehiago igaro ondoren, gaur egun merkatuan mila pertsona baino gehiagok egiten dute lan, ia %100eko okupazioa du eta ehun enpresa baino gehiago ari dira lanean merkatuak hartzen dituen 13 hektareatan. 2019ko abenduaren 31ko datarekin, Elikagaien Unitateak 639.000 ibilgailu jaso ditu.

KUDEAKETA AURRERATUAREN ADIBIDE

Mercabilbaok aurrera jarraitzen du gero eta jasangarriagoa den merkaturantz gizarte balioetan. 2019an, Euskalitek, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Kalitatearen Euskal Fundazioak, ematen duen Kudeaketa Aurreratuaren Zilarrezko A jaso zuen. Elikagaien Unitateak kalitatezko produktu freskoen eta eratorrien merkaturatze eta logistika zerbitzu integralean egiten dituen kudeaketa-jardunbide aurreratuen aintzatespena da. Lan hori, elikagaien segurtasuna eta merkatuen lehia kontsumitzaileen mesedetan bermatzen duten azpiegituren bitartez egiten da.

Beste urte batez, 2018-2021 Plan Estrategikoarekin bat etorriz, Mercabilbaok gizartearekin eta ingurunearekin duen konpromisoa nabarmendu behar da: hondakinen kudeaketa eta ontzien berrerabilera Ibarreta 2000ren eskutik. 2019an, sortu ziren hondakinen %37,43 birziklatu zen; iraungitzea hurbil izatearen ondorioz baztertutako produktuak murriztu ziren, enpresa operadoreek Elikagaien Bankuari 476,49 tona entregatuz; arrainari, frutari eta barazkiei buruzko 88 tailer sentsorial egin ziren Bizkaiko 1.804 ikasle baino gehiagorekin; ekitaldi gastronomikoekin, elkarteekin eta irabazi asmorik gabeko erakundeekin lankidetza egin zen; eta "5 al día Fundazioarekin" ere elkarlanean aritu zen, fruta eta barazki freskoak egunero kontsumitzea sustatzeko.

"Jaten duguna garelako. Gertu erosita, urrun helduko gara". Premisa horrekin, elikagaien banaketa katean eta Bilboko eta inguruetako ekonomia eta gizarte sustatzaile moduan erreferentziazko eragile gisa, Mercabilbaok tokiko merkataritzaren aldeko apustu sendoa berriztatu zuen 2019an. Kanpaina horren bitartez, banaketa merkatuak agerian uzten du gertuko merkataritza arduratsuaren garrantzia. Izan ere, egunero kalitatezko produktu gozo eta osasungarriak eskaintzen ditu, Elikadura Unitatean lan egiten duten enpresa guztien berme zigiluarekin. Etorkizuneko Mercabilbaori, hiribilduaren eta bere inguruaren eraldaketa ekonomikoa eta soziala sustatzeko gai den zerbitzu enpresa publikoari, begirada bat.

Aldi berean, hainbat mantentze eta hobekuntza ekintza egiten jarraitu da, hauek, besteak beste: asfaltoaren konponketa fruta pabiloien eta erabilera anitzeko pabiloiaren inguruan; merkataritza pabiloiko eta erabilera anitzeko pabilioiko teilatuak berritzea, txingor-zaparrada baten ondorioz kalteak jasan zituztelako; erabilerarengatik kaltetuta dauden erabilera anitzeko pabilioiko kutxatila guztiak aldatzea; erabilera anitzeko pabiloiko nasa konpontzea eta sendotzea, sarrera nagusian TPV bat instalatzea txartelarekin ordaintzeko; pasealekuaren ondoko erreiaren zirkulazioaren fluxua berrantolatzea, Frio Bilbaotik lurpeko garajeraino; horri esker, aparkatzeko partzela gehiago lortu dira eta kamioiei maniobrak errazten zaizkie, besteak beste